EH Bildu kezkatuta agertu da, herrian bizikletan «modu seguru eta lasaian ibiltzea gero eta zailagoa» delako. Koalizioak gogora ekarri du, Udal Gobernuan zegoen bitartean, arlo horretan burutu zituen ekimenak hierarkia batean oinarritu zituela: «Lehentasuna, oinezkoek zuten; ondoren, bizikletek; jarraian, garraio publiko eta hornidura lanek; eta azkenik, ibilgailu partikularrek». Hierarkia hori «herri bizigarriagoa» lortzeko pentsatuta dagoela arrazoitu du. Zentzu horretan, EAJ eta PSE-EEren gobernuak «eredu hau hankaz gora» jartzen ari direla iritzi dio.
Gipuzkoa kaleko azken aldaketek agerian usten dute, Koalizioaren ustez, bizikletei eta hierarkia horri ematen zaien «garrantzia txikia». Obrak direla eta, Mitxelena eta Lapurdi kaleetako bidegorriak une honetan ez daude erabilgarri, eta Bizkaia kalea itxita dago. Hori horrela, EH Bilduk ez du ulertzen zergatik bihurtu duten Gipuzkoa kaleko zati bat norabide bakarreko. «Bizikletak kontuan hartu gabeko erabakia izan da. Orain bizikletek Nafarroa kalera ala Lapurdi kalera jo beste irtenbiderik ez dute, biak ala biak bidegorririk gabekoak. Egoera honek, bizikleta-gidari asko kontrako norabidea hartzera eramaten ditu, horrek suposatzen duen arriskuarekin».
Koalizioko kideen arabera, pixkanaka-pixkanaka bizikletenak soilik diren bideak desagertzen ari dira eta erabiltzaileentzat «gero eta zailagoa da modu seguru eta egoki batean» bizikletaz ibiltzea. Egoera arriskutsuago bihurtzen dela diote eskola orduetan, gainera. «Haur eta gazteen segurtasunaren aurkako neurri hauek istripu larri bat ekar dezakete».
Udalak indarrean dagoen bizikleta bide eta azpiegituren plan berezia duela gogora ekarri du koalizioak, eta Udal Gobernua hori «kontuan hartu gabe» ari dela erabakiak hartzen eta aldaketak egiten. «Aldaketak egin behar direla pentsatzen badute, behar bezalako plan bat egin eta herritarren eta alderdi guztien artean eztabaidatzeko aukera izatea eskatzen dugu».