Errepublika garaiko emakumeei aitortza egiteko hainbat ekitaldi antolatu du udalak

Mireia Galarza Bastida 2022ko apirilaren 8a

Joseba Oceolaza eta Gloria Vazquez atzoko aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Camino Oscoz liburuaren aurkezpena, Frederica Montseny, la dona que parla filmaren proiekzioa eta, Torre Luzean eta Belauntzaran plazan Errepublika garaiko hainbat emakumeri buruzko erakusketa izango dira. 

Apirilaren 14an egingo duten Errepublikaren egunaren bueltan, garai horretako emakumeei aitortza egiteko hainbat ekitaldi antolatu du udalak. Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, helburua "ikusgarritasuna" eskaintzea da "urte luzez ixildu dituzten emakumeei". 

Horregatik, hiru hitzordu zehaztu dituzte apirilerako. Lehenengoa hilaren 12an izango da. Hain zuzen, Camino Oscoz liburuaren aurkezpena egingo dute 19:00etan pleno aretoan, gaztelaniaz. Joseba Eceolaza autorea izango da bertan, eta azaldu duenez, liburuaren bidez  "bizitza oso gogorra izan zuen emakume horri merezi duen garrantzia eta ikusgarritasuna" eman nahi izan dio. 

Apirilaren 13an, aldiz, Frederica Montseny, la dona que parla filma eskainiko dute Modelon, 20:00etan hasita. Eta azkenik, apirilaren 12tik 19ra bitartean, Errepublika garaiko hainbat emakumeri buruzko erakusketa izango da Torre Luzean eta Belauntzaran plazan. Argazkiak jartzeaz gain, beraien biografia txiki bat ere jarriko dute leku horietan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide