Zabalik dago Play-Eruak txapelketako izen-ematea

Elena Marguello 2022ko apirilaren 6a

12 eta 16 urte bitarteko gazteek jokatuko dute II. Play-Eruak Hondartza Futbol Txapelketa, eta apirilaren 17ra arte eman ahalko dute izena parte hartzaileek.

Bueltan da Play-Eruak Hondartza Futbol Txapelketa, eta hilaren 17ra arte egongo da zabalik izen-ematea. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek jokatuko dute txapelketaren bigarren edizioa, eta apirilaren 23an eta 24an jokatuko da. “Adin horretako gazteek eskolarteko kirolean eta plaieroetan ezin dutenez jokatu, gabezi bat ikusten genuen, eta ideia ona iruditu zitzaigun txapelketa bat antolatzea”, azaldu du Aitor Iturralde plaieroetako antolatzaileak.

Gutxienez 8ko eta gehienez 12ko taldeak osatu beharko dituzte gazteek, eta kuota modura jokalari bakoitzak azukre paketea, sardina edo atun latak edota olio botila botila eman beharko du txapelketa jokatu ahal izateko. Izen ematean bildutako janari guztia Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko zaio. Taldearen informazioarekin honako fitxa hau bete beharko da, eta eskolako kirol koordinatzaileari eman, klubeko lokalean utzi edota antolakuntza@playeruak.eus helbidera bidali beharko da dokumentua.

Lehenengo edizioan Play-Eruak txapelketak “erantzun oso ona” izan zuela eta jende “asko” animatu zela aipatu du Maialen Zelaia plaieroetako antolatzaileak, eta jendea “gustura” geratu zela ikusita txapelketaren bigarren edizioa antolatzea erabaki dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide