Hainbat ikastaro antolatu ditu Emakumeen* Etxeak ondorengo hilabeteetarako

Elena Marguello 2022ko apirilaren 5a

Jabetze Eskolako ikastaroak, ahalduntze taldeak, errezital musikala nahiz helduentzako kontaketa eskainiko dituzte datozen hilabeteetan. Izen-ematea apirilaren 19ra arte egongo da zabalik.

Emakumeen* Etxeak 2022ko apiriletik ekainera bitarteko egitaraua argitaratu du. Egitarau honen bidez, emakumeen berdintasunean eta ahalduntzean aurrera egitea, ahizpatasun-sareak sortzea eta ikuspegi feministatik hausnartzea nahi dute. Ikastaroak eta ahalduntze guneak antolatu dituzte, eta hauetan parte hartzeko izen-ematea apirilaren 19ra arte egongo da zabalik.

Emakumeen etxean, 943-00 51 36ra deituta edota emakumeenetxea@zarautz.eus helbidera idatzita eman ahalko da izena saioetan.

Jabetze Eskolako ikastaroak

Gure gorputzarekin adiskidetza

Ikastaro honek autoestimua eta gure gorputzarekiko harremana hobetzeko aukera emateko asmoa du. Elkarrizketaren, gorputzaren, mugimenduaren eta begiradaren bidez, eta samurtasunez, urteetan zehar sortutako minak identifikatu, osatu eta askatzea du helburu. Maddi Gutierrez eta Leire Murguialday izango dira saioetako irakasleak, maiatzaren 2tik 30era bitarteko astelehenetan. 15:30tik 17:30era izango dira ikastaroak, 15 euroren trukean.

Berdintasunez maitatzea

Tailer honetan desberdintasun eta mendekotasun emozionaleko harremanak deseraikitzen irakatsiko da, bikote harremanak eta norberekiko harremanak berdintasunean eraikitzeko. Isabel Allende izango da irakaslea, eta apirilaren 27tik maiatzaren 31ra bitarteko asteartetan egingo dituzte saioak gazteleraz, 16:00etatik 18:00etara, 15 euroren trukean.

Hitzen bitartez ahalduntzea

Tailer honetan teknika narratiboak erabiliko dira ahalduntzea eta autoezagutza prozesuetarako bitarteko gisa, norberaren historiaz jabetzea "garrantzitsua" delako. Libe Solozabal izango da irakaslea, eta apirilaren 27tik maiatzaren 25era bitarteko asteazkenetan egingo dituzte saioak euskaraz, 15:30etik 17:30era, 15 euroren trukean.

Sormena lantzea xilografiaren bitartez

Grabatua egiteko antzinako teknika ikasteaz gain, sormen indibidualari zein kolektiboari bide emateko eta historian zehar emakume artistek izan duten papera ezagutarazteko saioak egingo dituzte, Oihana Ugarteren eskutik. Maiatzaren 5etik ekainaren 2ra bitarteko ostegunetan egingo dituzte saioak euskaraz, 16:00etatik 18:00etara, 15 euroren trukean.

Zer da indarkeria sinbolikoa?

Tailer honetan eguneroko bizitzako esparru bakoitzean ezkutatzen den indarkeria aurkitzen saiatuko dira, patriarkatuaren estrategia zaharrenetako bat agerian uzteko. Parte-hartze aktiboa, hausnarketa, sormena eta komunikazioa bultzatuko dituzte Aitziber Aginagalderen eskutik. Apirilaren 27tik ekainaren 2ra bitartean egingo dituzte saioak gazteleraz, 18.00etatik 20:00etara, 15 euroren trukean.

Ahalduntze taldeak

Ikastaroekin batera, Emakumeen* Etxeak ahalduntzea eta emakumeen arteko sareak sustatzeko bi gune berri aurkeztu ditu.

Aurrera goaz elkarrekin: konpainian espazio bat

Interesak partekatu, hitz egin eta elkar ezagutu nahi duten emakumeentzako topagunea izango da. Sormen-baliabideen bidez, trebetasun sozialak eta garapen pertsonala landuko dituzte. Aitziber Eguskiza arituko da dinamizatzaile lanetan apirilaren 29tik ekainaren 10era bitarteko ostiraletan, 10:30etik 12:30era bitartean. Saioak gazteleraz izango dira.

Literatur talde feminista

Hilean behin bilduko dira aurrez irakurri dugun liburu berari buruzko iritziak trukatzeko. Emakumeen kontzientzia kolektiboan arakatzeko aukera emango duten eleberriak, saiakerak eta iritzi-artikuluak aurkituko dituzte saio hauetan. Iratxe Retolaza izango da dinamizatzailea, apirilaren 25tik maiatzaren 30era bitarteko astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara. Saioak euskaraz izango dira.

Beste ekintza batzuk

Apirilaren 26an, 19:00etan hasita, Palabras dislocadas errezital musikala izango dugu Emakumeen* Etxean. Susanna Minguel haurtzaroko sexu-abusuak salatzeko abian jarri zuen proiektu baten parte da. Poema eta autoerretratu fotografikoen bidez, haurtzaroan sexu-abusuak jasan dituen eta helduaroan gogoratzen dituen pertsona batek igaro ditzakeen faseak azalduko ditu: amnesia, isiltasuna, haustura eta indar-puntua.

Maiatzaren 10ean, berriz, Emakumeen* Etxean, Dorleta Kortazarren 80 amandre helduentzako kontaketa entzuteko aukera izango da, 19:00etatik aurrera.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide