Pandemiak eragindako bi urteko geldiaren ondotik, Aritz Aranburu surflariak eta Shelter Surf etxeak antolatzen duten Zarautz 4Teens gaztetxoen surf txapelketa bueltan da, eta asteburu honetan jokatuko dute seigarren aldiz. Guztira, 14 urtez azpiko 100 neska-mutiletik gora ariko dira surfean hilaren 8tik 10a bitartean Borghetto inguruan, ondorengo hiru kategorietan banatuta: 14 urte azpikoetan, 10 urtez azpikoetan eta surf egokitukoan.
"Txapelketa honen helburua da surfaz gozatzea dela familia giroan, baina argi dago gaztetxoak txapela irabazteko gosez etortzen direla. Argi dago txapelketa honekin surfaren hastapenetan bultzada bat eman nahi diegula gazte hauei, eta asteburuan erabiliko ditugu epaimahai sistema lehen mailan erabiltzen direnak izango direla. Alde horretatik, esfortzu berezia egiten dugu egiazko itxura emateko lehiaketari", nabarmendu du txapelketaren sustatzaile Aritz Aranburuk, Karlos Argiñano jatetxearen terrazan eginiko agerraldian.
Era berean, argi utzi nahi izan du "ospakizun" izaera eman nahi diotela egitasmoari. Horretarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte; besteak beste, larunbatean Martin de Marteren kontzertua, igandean skate txapelketa eta familia osoarentzat jarduerak izango dira. Lehen egunean, ostiralean, ez da surf lehiarik izango, adibidez. Aranburuk La Isla de los Tigres dokumentala aurkeztuko du Modelo aretoan; Kepa Acero, Natxo Gonzalez eta hirurek Angolara eginiko bidaiaren emaitza izango da ikusgai, hain zuzen ere. Bi saio eskainiko dituzte: 18:00etan, txapelketan parte hartuko dutenentzat, eta 20:00etan, publiko zabalarentzat. Sarrerak salgai daude txapelketaren webgunean.
Jasangarria eta turismo familiarra
Ingurumena zaintzea eta, batez ere, itsasoa babestea helburua duten tailerrak egingo dituzte txapelketan zehar, Bihotz Urdina proiektuarekin batera. "Jendea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da gure asmoa gizarte hobeago bat bihurtzeko", azaldu du proiektuko ordezkari Xabi Lasagak. Larunbat arratsaldean, ingurugiroari buruzko ginkana egingo dute, eta bertaratzen den edonork parte hartu ahal izango du. Asteburuan, gainera, Bihotz Urdina Kluban izena emateko aukera izango dute neska-mutilek.
Iker Goiria Turismo diputatuak adierazi du Zarautz 4Teens gaztetxoen surf txapelketak aldundiaren "estrategiaren bat"egiten duela, eta "bi ikuspegi garrantzitsu" azpimarratu ditu. "Turismo familiarra sustatzen du. Jasangarritasunaren kontzientzia bultzatu behar dugu, eta honek bete-betean eskaintzen du", arrazoitu du. Era berean, turismo irisgarritasunaren aldeko egiten duela nabarmendu nahi izan du, "surf egokituaren alde".
Zarauzko Udalaren izenean, Leire Arana Kirol eta Turismo zinegotziak pozgarritzat jo du txapelketa berreskuratu ahal izatea, bi urteko etenaren ondoren, eta "inoiz baino indartsuago" ospatuko dela azaldu du. Aranak zehaztu du "ekitaldi berezia" dela herriarentzat, batik bat lau arlotan: surflari gazteei aukera ematen zaielako; ohiko denboraldiaz kanpo, turismo familiarra sustatzen duelako; gizarte ekintza bultzatzen duela, aniztasun funtzionala dutenei kirola egiteko aukera eskainita; eta ingurumenarekiko begirunea, jasangarritasuna zainduz.