Udalbatzak behin betiko onespena eman zion martxoko osoko bilkuran Lanpardo eta Kortazar guneetarako Zarauzko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aldaketari. Aldaketa proposamen honek EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu udal taldeen aldeko 19 bozka jaso ditu eta Podemos-EQUO-Berdeak taldearen abstentzioa. “Plan Orokorraren aldaketa honek herriari onura ekarriko dioten bi proiektu garrantzitsu ahalbidetuko ditu, eta hala ulertu dute bai Udalbatzak eta baita zarauztarrek ere dokumentua jendaurrean azaldu den epean”, adierazi du Xabier Txurruka alkateak.
Aldaketaren behin betiko onespen honek bi gune hauetarako aurreikusiak dauden proiektuak gauzatzeko aurrerapausoa suposatzen du. Lanpardo kaleko partzelan Babes Ofizialeko alokairura bideratutako 25 etxebizitza eraikitzeko lankidetza hitzarmena sinatuta dauka udalak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailarekin. “Lanpardo partzelako 25 etxebizitza hauek, Aldapeta, Salberdin eta Iñurritza guneetan gauzatzen ari diren babes maila ezberdineko etxebizitzekin batera, Etxebizitza-Planaren baitan Zarautzen eraikiko diren babestutako 600 etxebizitzen parte dira”, azaldu du Txurrukak.
Kortazarren aldiz, behin betiko onespen honekin, partzela hau ekipamendu publikorako erabilerara zuzenduko da. Aldundiarekin elkarlanean, gune honetan adinekoen egoitza bat eraikitzeko asmoa dute. Aldapetan Santa Ana Fundazioak izango dituen instalazio berriekin batera, Kortazarreko adinekoen zentro honek Zarautzeko adinekoentzat bideratutako beharrezko azpiegiturak indartuko ditu.