Paul Altuna: "Ez dugu oso urrutira joan beharrik norbaiti eskerrak emateko, eta horregatik omenduko dugu Gabino"

Onintza Lete Arrieta 2022ko apirilaren 7a

Paul Altuna, atzo (Onintza Lete Arrieta)

XX. Garagardo Azoka prestatzen buru-belarri dabiltza Zarautz Rugby Taldekoak, eta klubeko kide beteranoak hainbat xehetasun kontatu dizkio ZARAUZKO HITZAri azokak ateak irekitzeko astebete falta den honetan.

Hogei urtetik gora daramatza Zarautz Rugby Taldean Paul Altunak, aurrena jokalari, eta ondoren klubeko zereginetan, eta egunotan buru-belarri dabil, kideekin batera, XX. Garagardo Azoka prestatzen. Bi urteko eten behartuaren ostean, apirilaren 13tik 18ra egongo da zabalik azoka egitarau oparoarekin.

Garagardo Azoka klubarentzat diru iturri inportantea izango da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Oso-oso gogorra izan da bi urtez  azoka egin ezin izana. Adibidez, iazko denboraldi hasieran ia-ia narru gorritan ginen. Pandemia madarikatu hau martxoan iritsi zen, eta guretzat diru sarrera nagusia Garagardo Azoka denez, martxora arnasestuka iristen gara. Diru sarrera hori martxoa-apirilean izaten da, eta balio izaten du denboraldia amaitu eta hurrengoa hasteko. Hortaz, gertatu zitzaigun denboraldi bat ezin bukatu eta berria hasteko ere oso-oso larri. Ekonomikoki, oso larri ibili gara.

Nola egin diozue aurre egoerari?

Guk ere, beste haibat tokitan bezala, murrizketak egin behar izan ditugu, eta nabarmendu nahi dugu Gesalaga-Okelanen bultzada. 2020ko irailean hasi ziren gu babesten, eta horrek ahalbidetu zuen klubak bizirik jarraitu ahal izatea; ez dut pentsatu ere egin nahi bestela zer egingo genuen iazko denboraldia hasteko. Gauza asko ordaindu behar da, eta ez geneukan dirurik.

Aurtengo azokarako prest eta gogotsu, hortaz.

Bai. Gainera, herritarrak ere bi urte egon dira azoka gabe, eta ikusten dugu jendeak gogo handia duela. Oso pozgarria da hori.

Zarautzen, izan ere, Aste Santuetako hitzordu garrantzitsua da zuena.

Guretzat garrantzitsuena, eta herrian ere hala dela esango nuke.

Betiko Garagardo Azoka izango da, ala badago berrikuntzarik?

Betikoa izango da, denboraz nahikoa larri ibili garelako dena martxan jartzeko. Aurten hasieratik erabaki genuen hau ez zela berrikuntzetarako urtea, berriz itzultzekoa eta berriz elkarrekin egotekoa baizik. Berrikuntzak datorren urterako utziko ditugu.

Urtero omentzen duzue norbait: aurtengoan nork izango du ohorea?

Guk bezala, garai larriak pasatu dituen eta guretzat etxekoa den Gabino Gonzalez Txabarri omenduko dugu, Alustiza Autobusak enpresakoa. Pandemiagatik gaizki pasatu duen norbait omendu nahi genuen; autobus konpainiek ere oso gaizki pasatu dute, eta Alustizakoak beti egon dira gurekin, momentu onetan, txarretan eta oso txarretan. Erabaki dugu ez dugula oso urrutira joan beharrik norbaiti eskerrak emateko; errugbian hogeitaka urte daramatzat, eta beti beraiekin ibili gara, etxekoak bezala dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide