Herriko txorien kantuak ezagutzeko aukera izango da igandean

Aritz Mutiozabal 2022ko apirilaren 1a

(Argazkia: EH Mendiz Mendi)

Arkamurkak antolatu du jarduera, eta Vista Alegre parkean egingo dute irteera 09:00etatik aurrera. Adin eta ezagutza maila oro dutenei zuzenduta dago. Apirilaren 10ean bigarren saio bat egingo dute.

Hurrengo bi igandeetan, apirilaren 3an eta 10ean, Zarauzko txorien kantak eta kontuak ezagutzeko irteerak antolatu ditu Arkamurka natur taldeak. Taldeko kide Eneko Azkue eta Pello Izkeagaren gidaritzapean, Vista Alegre parkeko Torreoian egingo dute topaketa 09:00etan. "Bertan txoriek beraien artean komunikatuz, gure belarriak horrenbeste goxatzen dituzten kantuak ezagutzeko aukera izango da", jakitera eman dute antolatzaileek. 

Ibilaldiak ez du zailtasunik izango, eta bidean inguruko txoriak eta horien kantuak ezagutzen laguntzeko azalpenak emango dituzte Azkuek eta Izkeagak. Jarduera Vista Alegre parkean zehar izango da eta, guztira, bizpahiru ordu inguru iraungo du; prismatikoak eta hegazti gidaren bat ekartzea ere gomendatzen da. Adin eta ezagutza maila guztikoentzat dago zuzendua.

"Garai batean, batez ere udaberrian, haur askoren afizioa zen, esaterako hegaztien habien bila ibiltzea edo hegaztien kantuak ikastea. Egun berriz, kontzientzia ekologiko handiagoa duten arren, gazte askok ez dituzte euren inguruko hegaztiak edo beraien kantuak ezagutzen eta irteera honen helburuetako bat hori da, besteak beste gure inguruan dugun basabizitza eder honetaz jabetzea eta bide batez gozatzea", adierazi du Arkamukak, egitasmoaren helburua azalduz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide