Hiru koska izaten ari da azken urteetan emakumezkoen arrauna: harrobia, ETE liga (lehenago Gipuzkoako liga) eta Euskotren liga. Aurrenekoan, arraunlari asko dabiltza, ontzi txikietan eta aulki mugikorretan; hirugarrengoa ere ondo dago, sendo, eta aurrerapausoa eman du, datorren urtetik aurrera zortzi talde onartuko dituelako; erdikoa ez dago hain sendo, ordea. Hainbat arrazoi edo egoera daude ahultasun horren oinarrian. Denak indartzea ia ezinezkoa izango da, baina, eragileen ustez, badu nondik heldu hobekuntzak. Funtsezkoa litzateke, beste bi koskaren arteko zubia baita ETE liga.
Egoera oker bat traineru kopurua da. Izan ere, gutxitu egin da iaztik. Sorreratik gorabeheratsu dabil datu hori. Bosgarren aldia izango du ETE ligak aurtengo udakoa, eta lehendabizikoan, 2018an, bederatzi talde aritu ziren; hurrengo urtean 11 izan ziren; 2020an, bederatzira jaitsi zen; iaz 11ra igo zen kopurua, eta aurten bederatzira egin du behera. Aurreko urtetik Isuntza, San Juan, Lutxana eta Lapurdi faltako dira, eta Portugalete eta Hernani itzuliko dira, berriz osatu baitute trainerua.
Ligari sendotasuna kentzen dion beste aldagaia arraunlari kopurua da, justukoa baita aurten ere hainbat talderen kasuan. Kontuan izan behar da, gainera, gazte mailakoak asko direla. Beste egoera bat da Euskotren ligak arraunlari gehiago batzen dituela, eta aurten ere badira batzuk ETE ligetako taldeetatik joan direnak goragoko taldeetara. Gizartearen joera ere badago, ez baita erraza izaten gaur egun arrauna eta lan eta ikasketa mundua uztartzea. Hori leundu zezakeen ligan diruzko sariak handiagoak izateak, gutxienez arraunlariak edukiko lukeelako pizgarri bat ez uzteko. Eta ezin ahaztu luze gabe etorriko dena: liga nagusian lau talde gehiago izango direnez datorren urtetik, ETE ligan arriskua dago taldeak gutxitzeko, igoko direnen lekuak berriek bete ezean.
Eragileek badute zer esanik ligaren orainaz eta geroaz. Maika Tameron (Errenteria, Gipuzkoa, 1967) KAE ligako presidentea da (ETE barne), Onintza Olaizola (Zarautz, Gipuzkoa, 1994) bere herriko traineruko entrenatzailea, eta Ainhitze Kalonje (Hernani, Gipuzkoa, 1992) herriko klubeko presidentea. Hirurak arraunlari izandakoak dira, gainera, eta ondo ezagutzen dute barrutik arraun mundua.