"Erresistentzia modu bat da egoera ziurgabe honetan irautea"

Aritz Mutiozabal 2022ko martxoaren 17a

Occhi di Farfalla musika taldeko kideak. (Utzitakoa)

Iraun izeneko laugarren diskoa kaleratu du Occhi di Farfalla taldeak Bonberenea Ekintzekin. Kaki Arkarazoarekin grabatu dute lana Andoaingo Garate estudioan.

Occhi di Farfalla Zarauzko musika taldeak egungo maremagnum honen erdian lan berria argitaratu du, Iraun lelo labur bezain zuzenarekin. "Oso egoera ziurgabean bizi gara. Ez da bakarrik pandemiaren ondorioa bakarrik,  lehendik zetorkigun zerbait baizik. Nik sentitzen dut egoera horretan bizitzen ikasi behar dugula, eta horren aurrean irautea dela erresistentzia modu bat, eta erronka bat, era berean. Taldearen kasuan ere, berrasmatze batean aritu gara, kideen osaketatik hasi eta egin ditugun kantuekin jarraituta", aditzera eman du taldeko abeslari Miren Arangurenek. "Bizitzan irautea bezala da. Itsasoko olatuek bezala. Tokatzen zaigulako moldatzea eta egokitzea, baina etengabe bertan egonez". 

Iraute hori modu positibotik ikusten dutela nabarmendu du taldeko gitarrista Hodei Estebanek, nahiz eta «ozta-ozta bizi» edo inertziaz aurrera jarraitzeko sentsatzioa eman dezakeen. "Ziur aski azken bi urte hauek eragingo ziguten, baina bizitza da etengabe galtzea, eta galtzen ez duzun horrekin geratzen zara". Arangurenek uste du jendeak pandemia sasoiarekin lotzen duela diskoaren izenburua, "kolektiboki oso bolada zaila izan delako, eta zauri sakonak utzi dizkigulako". Alde horretatik, "aldarri txiki bat" ere izan nahi duela gaineratu du, "komunitateak eratzen jarraitzeko eta elkarrekin eraikitzen jarraitzeko".

Iraute horren barruan, taldeak hamar urte beteko ditu aurki. 2013an sortu zuen Aranguren eta Esteban bikoteak, kontzertuak emanez bidaiatzeko aitzakiarekin. Harrezkero, lau disko argitaratu dituzte eta hamaika kontzertu eskaini han-hemen egin dituzten biretan. Bikoteak osatzen du Occhi di Farfallaren bizkarrezurra, eta taldekideak joan-etorrian ibili dira denbora horretan. Nolanahi ere, argi utzi dute guztiekin lagun gisa jarraitu dutela. Disko berriaren grabaziorako boskote bihurtu dira, eta ondorengo taldekideekin kontatu dute: Carlos Aquino bateria-jotzailea, Juanmi Bosch gitarrista eta Craig Bjerring baxu-jotzailea; azken hori aspaldiko lagun duten Old Seed bakarlari kanadarra da.


Opari bat bezalakoa

Diskoa Andoaingo Garate estudioan grabatu zuten, Kaki Arkarazoren gidaritzapean, iazko urria eta azaroa bitartean. Bertan aritzea beren buruei eginiko «oparia» izan dela aitortu du bikoteak. "Edonor gustura egongo zatekeen toki bat da, guztiok elkarrekin egoteko aparta, eta kasu honetan, posible izan da. Bi urte generamatzan etxean sartuta, erabat geldirik, entsegu lokala zapaldu gabe, eta gogoa geneukan balioa emateko grabazio prozesuari. Erretiro musikala egin dugu, taldekideok elkarrekin egoteko eta momentua partekatzeko", zehaztu du Arangurenek. Estebanek gaineratu du «erreferentziazkoa» dela Garate estudioa: "Kaki gure idoloetako bat izan da, eta bizitzan behin, nahi genuen berarekin zerbait egin".



Zuzenean grabatu zuten guztiek batera, modu analogikoan, eta "orain arteko lanik zuzenena" dela aurreratu dute. "Beharbada, entzuteko errazena", iritzi dio gitarristak. Arangurenen iritziz, erritmo aldetik abestiak "biziagoak" izatea lortu dute: "Ez dakit esaten rockeroagoa den, baina agian bai dantzagarriagoa". Lehen pasarte ilunagoak bilatzen saiatzen zirela onartu dute, baina orain itzulingururik gabeko kantu laburragoak sortu dituzte. "Lehen lasaiago pasatzen ziren gauzak, eta orain biziago doa dena", esan du Estebanek.

Grabazio prozesua denek elkarrekin eta egonaldia bera komunitatean egin ahal izateak "beste freskotasun bat" eman dio lanari. Horren adibide da, esaterako, estudioan bertan modu inprobisatuan sortutako Desamodioaren gizakiak abesti erdi akustikoa. Baina, oro har, talde giroan mamituta erregistratu dituzte Iraun diskoa (Bonberenea Ekintzak) osatzen duten zazpi abestiak: Sanatorium, Denok zimelduko gara, Sagar erreak ta ardao gorria, Desamodioaren gizakiak, Iraganik gabe, Beste behin esnatu naiz eta Oihu bat.


Hainbat hari

Aranguren arduratu da abestiei hitzak jartzeaz, eta haren esanetan, aurreko diskoan kantu guztiek hari komun bat baldin bazuten, oraingo honetan "ez dago hari bakarra". Ezinegon edo frustazio batzuk badaude hitzetan, baina baita desiotik abestutako abestiak ere. "Iraganik gabe abestian, adibidez, oso kontziente naiz iraganik gabe ez garela ezer, baina batzuetan amestu izan dut iraganaren motxila hori gabe egingo bagenitu gauzak zer gertatuko litzatekeen. Hor bada fantasia edo desio bat", kontatu du abeslariak.

Azpimarratu du aldarritik ere badutela zenbait abestik: "Gaur egun, Ukrainari buruz etengabe hitz egiten ari gara, toki guztietan agertzen ari da, eta zer gutxi entzun den Bidasoan galdu den senegaldarrari buruz. Hor bada bizitzaren aldeko Oihu bat abestia».

Hasiera batean, diskoaren haria itsasoak izan behar zuen, baina azkenean ez zuten kontzeptuarekin aurrera jarraitu. "Hortik dator itsasoko olatuek bezala irautearena", gogora ekarri dute.

Aurkezpen kontzertuak eta Europako bira
«Bidaiatzeko aitzakia da talde hau. Bidaia horiek, gure kasuan, kontzertuak dira, bai hemen inguruan, bai Europa aldean». Hori horrela, disko berriaren zuzeneko aurkezpenekin hasiak dira jada; hilabete hasieran Villabonan (Gipuzkoa) eta Mutrikun (Gipuzkoa) eskaini zuten emanaldia, eta datorren astean Madrilen (Espainian) ariko dira. «Uda bitartean zortzi kontzertu inguru ditugu, eta ari gara uztailerako Europan barrena bira egiteko datak lotzen. Gauza ez dago horren erraza, milaka talde daudelako eskean eta lehen funtzionatzen zuten tokiak orain ez daudelako martxan», azaldu du Hodei Estebanek aurrera begira dituzten asmoez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide