Minbiziaren Aurkako Bus Aktiboa jarri dute herrian, datozen hilabeteetan minbizia dutenek nahiz euren senideek elkartea ezagutzeko eta bertan lan egiten duten profesionalen eskutik informazioa jasotzeko. Hiribusek eskainiko dute aurreratzean informazio hau, eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte elkartearen egoitzen eta doako zerbitzuen berri emateko helburuarekin. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan eta Udala elkarlanean aritu dira proiektu honetan.
Atzo, ostirala, aurkeztu zuten Minbiziaren Aurkako Bus Aktiboa. Ainara Nuñez Hezkuntza Saileko etxez-etxeko zerbitzuko irakasleak eman zion hasiera aurkezpenari, eta hark adierazi zuenez, herriko biztanleak egoitzen kokapenaz eta eskaintzen dituzten doako zerbitzuaz "informatzea" da helburua. Elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuetako batzuk dira laguntza psikologikoa, material ortopedikoaren mailegua, laneko bajen eta laguntzen kudeaketa, pazienteentzako eta senideentzako harrera pisua, erretzeari uzteko terapia eta ikerketaren finantzaketa.
Proiektuaren aurkezpenean Xabier Txurruka alkateak, Juan Manuel Sanzo Gipuzkoako Osasun Arloko Lurralde Ordezkariak, Begoña Crespo Urola Kostako Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidenteak eta Marisa Arriola Minbiziaren Aurka Gipuzkoaneko presidenteak hartu zuten hitza. Minbiziaren aurkako "elkarlana eta jarrera" zeinen "garrantzitsuak" diren aitortu zuen Txurrukak, eta "minbiziaren aurrean guztiok jarrera proaktiboa" izateko beharra azpimarratu zuen.
Sanzo Gipuzkoako Osasun Arloko Lurralde Ordezkariak elkartea zoriontzeko tartea hartu zuen, eta "eskerrak" eman nahi izan zituen herrira "autobusa ekartzeagatik" eta, batez ere, minbizia duten pertsonei eta euren familiei "laguntzeko" egiten duten "lan eskergagatik". Arriolak, bere aldetik, Urola Kostako boluntarioei eta bazkideei eman nahi izan dizkie eskerrak, "bidai hunkigarri hau posible egiten dutelako".