Datorren ostegunean emango diote amaiera Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren lehen faseari, herritar orori zuzendutako entzuteko espazio espezifiko irekiarekin. Otsaileko azken astean eta martxoko lehenengoan egin diren entzuteko espazio espezifikoak osatzera dator azken saioa hori, eta Etxezabalako bilera aretoan izango da, 18:30etik aurrera.
Pentsaera eta joera desberdineko herritarrekin elkartu da eta bertan, besteak beste, esparru ezberdineko eragile sozialen testigantzak jaso ditu; besteak beste, osasun arloko eragileak, kirol arlokoak, ingurumenekoak, enpresariak, inklusio sozialeko profesionalak… Espazio irekian parte hartzeko aurrez izena eman behar da, 943 00 51 34 telefono zenbakira deituta edo partehartu@zarautz.eus posta elektronikora idatzita; horretarako azken eguna martxoaren 15a izango da.
Orain arteko saioetan herritarrek udalerria nola ikusten duten eta etorkizunean nola ikusi nahiko luketen azaldu dute. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, batez ere izaera eta joera askotariko zarauztarren testigantzak jasotzeko aukera izan dutelako. “Narratiba eraikitzen joateko baliagarria izan da ekimena, eta horretaz gain, gure ikuspuntuak aberasteko eta, batez ere, herritarren iritzia ezagutzeko”, adierazi dute saio horietako gidariek.