Harizko hainbat tresna hormetatik zintzilik, eta baita beste zenbait gitarra ere, txoko batean eta bestean. Bixente Martinezek (Eibar, Gipuzkoa, 1954) Zarautzen (Gipuzkoa) duen estudio txikiak argi erakusten du haren zaletasunik handiena. Haren eguneroko lantoki eta tresnak dira. «Nire bizitza da. Lagunak jubilatuta dauzkat. Baina zer da politagoa? Paseo bat eman, zerbait hartu eta bazkaltzera joatea? Edo estudiora etortzea? Nik argi dut».
Oskorriko parte izan da musikaria ia 50 urtez, Hiru Trukuko kide ere bai, eta Igelaren Bandaren gidari da egun. Baina joan den udazkenean argitaratu du bere bakarkako lehenengo diskoa, 67 urterekin, Txoria buruan eta ibili munduan (Elkar). Oskorriren kantutegia begirada propioz berreraikitzeko ahalegina. Bihar aurkeztuko du, Donostiako Lugaritz kultur etxean, Haatik konpainiako Lide Romero eta Aimar Odriozola dantzariek lagunduta. «Oholtza gainean musikari bakarra izango naiz, baina iruditu zitzaidan dantza izan zitekeela osagarri bat, musika zapalduko ez zuena eta bai lagundu».
Aurrenekoz argitaratu duzu disko bat zure izenpean. Aurretik ez duzu horren beharrik izan?
Ez bereziki. Bizitza osoa ibili naiz musikari lagunez inguratuta, eta gustura ibili naiz beti. Gainera, bakarrik aritzeko, oso ona izan behar duzu, eta ni ez naizenez kantaria, erronka handiagoa da instrumentu batekin lan instrumental bat egitea. Hau ez da izan aurretik pentsatutako pauso bat, egoerak bultzatutakoa baizik.
Pandemiak eragindakoa...
Etxean egon behar horrekin, pentsatu nuen zeregin bat behar nuela burua lanean izateko. Neure buruari erronka jarri nion: bakar-bakarrik zerbait ganorazkoa egitea. Hori izan zen lehen pizgarria.
Hasieratik erabaki zenuen Oskorriren kantuetan zentratzea?
Nire esparrua euskal musikarena da. Eta jotzen dut musika zaharra, modernoa, konposatu berria, tradizionala... Hasi nintzen probak egiten, baina Oskorrik hain errepertorio zabala izanda, eta kontuan hartuta nire oso barruan dagoela, azkenean kantu hauek oso modu naturalean etorri ziren. Etxetik irten ahal izan ginenean, estudioan maketa batzuk grabatu, probak egin, eta horiek erakutsi nizkien gertuko lagun batzuei. Esan zidaten interesgarria zela, eta orduan esan nion neure buruari serio hasiko nintzela.
Diskoa gitarrarekin moldatu duzu, oso kutsu biluzia emanda. Kontuan izanda Oskorriren kantuek sonoritate oparoa dutela, esentziara jo nahi izan duzu?
Bai. Oskorriren kantuek aberastasun musikal handia dute, eta, gitarra batekin jotzeko, biluztu egin behar nituen ezinbestean. Esentziara joan eta hortik abiatuta, berreraiki. Saiatu naiz kantuaren mamia ateratzen, eta askatasunez bigarren jantzi bat ematen.