Zoriontasunaren hazia ereiten

Mireia Galarza Bastida 2022ko martxoaren 11

Julene Armendariz eta Maider Leunda, astelehenean Zarautzen. Ramon Mauduit psikologoak ere parte hartuko du igandeko solasaldian. (M.G.B.)

Aztarnak dokumentala haurdunaldi, jaiotza eta bizitzako lehen urteei buruzko lana da. Zarautzen emango dute, eta ondorengo solasaldian hitz egingo dute Maider Leundak eta Julene Armendarizek. 

Film komertzialen zurrunbiloan sarturik, ez dago egunero haurdunaldia, jaiotza nahiz bizitzako lehen urteei buruz hausnartzera bultzatzen duten dokumentalak ikusteko aukerarik inguruko pantaila handietan. Igandean, ordea, Aztarnak dokumentala botako dute Zarauzko Modelo aretoan. Maru Solares zuzendariaren film luzeak galdera bat proposatzen du: Haurtzaroan ereiten ote da zoriontasunaren hazia?

Galdera horri buruz hausnartzeko nahiz horren bueltan sortzen diren errealitateak elkarbanatzeko asmotan antolatu dute igandeko proiekzioa eta ondorengo solasaldia, eta bertan izango dira Ramon Mauduit psikologoa, Maider Leunda pediatra eta Julene Armendariz terapeuta perinatala. Zarauztarra da Leunda eta Zarauzko anbulatorioko pediatra, eta Zarautzen bizi da Armendariz. Biek adierazi dutenez, "dokumentalaren mezua erabat bat dator gaiari buruz beraiek pentsatzen dutenarekin, bai eremu pertsonalean, bai profesionalean". Bien arabera, ume bat sabelean dagoen momentutik edukitako esperientziek eragina dute bizitzan zehar, eta horregatik beharrezkoa da garai horri behar duen garrantzia ematea. 

"Jaiotzean amagandik banatzeak edo bularra hartzeak, besteak beste, gure istorio pertsonala sortzen laguntzen dute, eta horrek baldintzatu egiten du edonor gerora", azaldu du Armendarizek. Leundaren arabera, ordea, askotan ez gara jabetzen hainbat faktorek eragina izan dezaketenik gugan, eta amatasuna iristean hasten dira asko gaiari buruzko informazioa lortzen eta lotzen. Biek diotenez, jaiotzaren inguruko garaiari garrantzia ematea "ez da moda kontua, zentzua duen zerbait baizik", eta hori irudikatzeko metafora bat erabili du Leundak. "Zuhaitz bat osasuntsu landatzeak, ondoren etor daitezkeen arazoak ekiditen laguntzen du. Alderantziz gertatzen bada, baina, behin eta berriz kimatu behar da". 

Eta adierazi dutenez, zientzia dagoeneko ari da erantzunak ematen. "Ikerlariak ari dira esaten kobazuloetan erabiltzen zen zaintza mota jarri behar dela berriro praktikan, horrek harreman estuagoak sortzen dituelako: umea soinean eraman, elkarrekin lo egin…", esan du Armendarizek. Bide horretatik, garunaren garapena sendotzen dela adierazi dute biek, eta eragina duela umearen gaitasun guztietan. "Frogatuta dago, jaten emateaz gain, zaintzaile nagusi batekin harremana izateak –dela ama, dela beste figura bat– asko laguntzen duela, eta figura hori existitu ezean, %20 eta %30 bitartean txikitzen dela umearen garunaren tamaina", adierazi du Leundak.

Bestalde, kontatu dute Laura Gutman idazleak droga kontsumoei buruz hitz egiten duela dokumentalean, eta horri azpimarra egin dio Armendarizek. "Berak dio, adibidez, droga kontsumo kasu asko lotuta daudela amaren presentzia faltagatik, umeak ez baitu asetzen amarekin duen lotura hori, eta hortaz, bestelako harreman motak bilatzen baititu". Beraz, oraindik guraso izan ez diren edo izango ez diren horiek ere gaia landu dezaketela uste dute biek, besteak beste, norberaren arazoak haurtzaroko gertakariekin lotzen saiatuta.

Laguntza eskatzen jakitea

Aurrez esandako guztiagatik, Armendarizek laguntza eskatzearen garrantzia azpimarratu du, egoera kontrolpean edukitzea zaila bihurtzen den momentuetan. "Guraso garenean, ahultasun moduan ulertzen dugu laguntza eskatzea ondo ez gaudenean, baina komeni da; bestela, umearen eta gurasoen motxila handitu egiten da, eta arazoak ekar ditzake horrek ondoren", esan dute Armendarizek eta Leundak. Aldi berean, bikotekidearen babesa ere ezinbestekotzat jo dute biek.

Badirudi, ordea, erakunde publikoetan ez dela laguntza hori lehentasunetan sartzen, eta hori salatu nahi izan dute, "kontzientzia falta" dagoela argudiatuta. "Emakume bat haurdun dagoenean ez da egoera fisiologiko bat bakarrik, emozionala ere bada, eta haurdun dauden pertsonekin eduki behar den tratua askotan ez da egokiena", iritzi dio Armendarizek. 

Pediatra izanik, Leundak adierazi du ikasketa prozesuan berak ere "oztopo" asko jaso izan dituela beste pediatrengandik, eta "orain artekoa aldatzeko gogo gutxi" dutela profesional batzuek. "Gauzak eztabaidatzea eta zalantzan jartzea ez da interesatzen", esan du pediatrak. Irtenbide bezala, profesionalen artean "pedagogia egitea" beharrezkotzat ikusten dute biek, "begiak irekitzeko". 

Edonola ere, igandean Modelo aretora joateko gonbita egin dute Armendarizek eta Leundak, eta adierazi dute denek ikasiko dutela zerbait hitzordutik. 11:30ean izango da dokumentalaren emanaldia, eta doakoa izango da sarrera. Elebitan egingo dute gero solasaldiko saioa. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide