Zarauzko Udalak aste honetan jarri du martxan telefono bidezko arreta zerbitzu berria. Aurrerantzean, Udalera eta honen departamentu eta zerbitzu desberdinetara iristen diren deiak Gureak Marketing S.L.U. enpresak erantzungo eta bideratuko ditu. Enplegu-zentro bereziei zuzendutako lehiaketa bidez esleitu zaio aipatutako enpresari arreta zerbitzuaren kontratu berria.
Zerbitzu berri honen bidez, Udalak duen telefono bidezko arretak "aurrerapausoa" emango du. Era berean, orain arte zerbitzu hau ematen zuen Herritarren Arreta Zerbitzuak (HAZ) arreta presentzialean zentratuko da Kale Nagusiko bulegoetan.
“Udalak daukan Herritarren Arreta Zerbitzutik ematen den arreta orokorra ona izanik, aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu herritarrei ematen diogun zerbitzua hobetzen jarraitzeko. Zerbitzu honen kontratazioarekin, telefono bidezko zerbitzua nahiz presentziala, biak hobetzeko aukera izango dugu”, adierazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) HAZko zinegotzi arduradunak.