Maria Jauregi: "Txapelketaren izenaren atzean ez nago ni bakarrik"

Elena Marguello 2022ko martxoaren 10a

Maria Jauregi. (utzitako argazkia)

Plaieroetan hasi zen futbolean Maria Jauregi, eta, ondoren, Orion, Zarautzen eta Añorgan nahiz Euskal Selekzioan jokatu zuen. Orain, plaieroetako emakumezkoen txapelketak bere izena darama.

Plaieroetako emakumezkoen txapelketari zure izena jarri zioten orain dela bi urte. Nola sentitu zinen albistea jaso zenuenean?
Egia esan, ez nuen espero. Hasieran sorpresaz harrapatu ninduen, ondoren urduritasuna sentitu nuen eta, azkenik, ardura handia. Hiru astez jardun nintzen buruari bueltaka. Familiari eta lagunei komentatu nien, eta beraiek animatuta esan nuen baietz.

Hala ere, ardura handia sentitu nuen, eta oraindik ere sentitzen dut. Izan ere, argi daukat emakumezkoen txapelketari nire izena jarri diotela, baina txapelketaren izenaren atzean ez nago ni bakarrik, nire ibilbide guztian zehar nire bidelagun izan diren guztiak ere bertan daude; ikastolatik hasi, eta Orion, Zarautzen, Añorgan eta azkenik plaieroetako senior mailan nirekin jokatu zuten emakume guztiena da txapelketa honen izena. Honekin batera, keinu berezia egin nahi diet nire kuadrillakoei. Ibilbide honetan guztian, sei urtetatik hasi eta 35 urtera arte nirekin jokatu dutelako. Nerea Murua, Aitziber Iruretagoiena eta Izaskun Isasti, zuena ere bada txapelketaren izena.

Ordura arte, gizonezkoen izenak bakarrik zituzten plaieroetako txapelketek. Pauso garrantzitsua iruditzen al zaizu?
Bai, esparru guztietan bezala aurrera egin behar da parekidetasuna bultzatzeko eta normalizatzeko. Futbolean ez ezik, beste kiroletan emakumezko profesional garrantzitsuak egon dira eta daude Zarautzen, eta hauei ere eman beharko litzaieke inoiz eman ez zaien ikusgarritasuna.

Nondik datorkizu futbolarekiko zaletasuna?
Etxean hasi nintzen futbolean jokatzen. Zortedunak ginen: terraza handi bat genuen etxean eta zazpi anai-arrebok elkarrekin une oro jokatzen genuen inongo eragozpenik gabe. Gainera, ama eta izeba oso futbol zaleak ziren, eta askotan joaten ginen plaieroak ikustera.

Sei urterekin hasi zinen plaieroetan jokatzen, ezta?
Plaieroetako lehenengo urtean oinutsik eta mutilen aurka jokatu genituen partidak. Hurrengo urtean, oinetakoekin hasi ginen jokatzen, eta beste ikastetxeetan neska gehiago jokatzera animatu zirenez, nesken aurka egiten genituen partidak. Oso ondo pasatzen nuela gogoratzen dut. Lagun artean aritzen nintzen eta familiakoak etortzen ziren animatzera. Aita entrenatzaile gisa ere aritu zen urte batzuetan.



14 urterekin, berriz, Orion federatu zinen futbolean. Ondoren Zarautzen eta Añorgan ere jokatu zenuen. Zer zen futbola zuretzat?

Orion jokatu nuen lehenengo urtean, futbola eta eskubaloia tartekatuz. Asko disfrutatzen nuen kirolarekin. Aukeratzeko momentua iritsi zenean futbola hautatu nuen; ondoen moldatzen nintzen kirola zen eta gehien gustatzen zitzaidana.

Eta nolatan hasi zinen Orion jokatzen? 
14 urterekin Zarautzen jokatzeko aukerarik gabe gelditu ginen, klubean ez zegoelako nesken talderik. Orion sortu zen aukera, eta kuadrillako Aitziberrekin joan nintzen bertan jokatzera. Hiru urte zoragarri pasa genituen bertan. Klubak jokatzeko erraztasun denak ematen zizkigun, neskekiko zuten begirada oso positiboa zen; beti ateak irekita eta oztoporik gabe. Taldean ere, giro oso ona genuen. Gainera, belarrezko futbol zelai handian jokatzera pasatu ginen eta hori aurrerapauso handia izan zen.

Etxera bueltatzeko garaia ere iritsi zen; Zarautzen emakumezkoen taldea ateratzeko apustua egin zuten eta beste hiru urtez etxean jokatu nuen. Etxean jokatzeak bazuen bere xarma, berriz ere herrikideekin eta lagunekin jokatzeko aukera izan nuen. Gainera, Gipuzkoako Kopa jokatu nuen, eta asko gozatu nuen itzulera hura. Hala ere, Zarautzen emakumezkoen futbola ez zegoen aintzakotzat hartuta; gizonezkoek pisu handiagoa zuten eta oztopo gehiago jartzen zizkiguten erraztasunak baino. Hiru urteren ondoren, emakumezkoen taldea desegin zen eta, orduan, Añoragan jokatzeko aukera sortu zitzaidan. 

Garaiko euskal talde potenteena zen. Nolako esperientzia izan zen hura?
Añorga beste mundu bat zen. Espainiako Ligan eta Kopan jokatzeko aukera izan nuen, baita irabaztekoa ere. Espainiako leku asko ezagutzeko aukera izan nuen, etxetik atera eta beste mundu bat ezagutzekoa. Profesionalki ere mailaz igo nintzen, hobetzeko aukera ezin hobea izan nuen eta futbol munduko pertsona ezagun asko ezagutzekoa. Beraz, Añorgako esperientzia oso aberatsa izan zela pentsatzen dut.

Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioetan ere jokatu zenuen.
15 urterekin jokatu nuen Gipuzkoarekin, eta ohore bat izan zen bertan jokatzea. Izan ere, talde horretan Añorgako eta Oiartzungo jokalariak zeuden, eta haiek izan ziren Gipuzkoako futboleko aitzindariak. Handik urte batzuetara probintzietakoa kendu eta Euskal Selekzioa sortu zuten, eta bertan jokatzeko aukera ere izan nuen.



32 urterekin plaierotan jokatzera itzuli zinen. Zer nolako esperientzia izan zen hura?
Berriz dena hasi zen lekura itzuli nintzen nire txikitako lagunekin, eta urte horietan guztietan bidelagun izan ziren Orioko, Zarauzko eta Añorgako lagunekin ere jokatu nuen. Plaieroetan futboleko ibilbideari amaiera borobila eman nion. 

Jarraitzen duzu plaieroetan jokatzen? 
Futbola amaitu zen, eta beste kirol batzuetan murgildu nintzen. Orain, Zarauzko Triatloi Elkarteko kidea naiz. Igeriketa eta bizikleta ditut gustuko, nahiz eta triatloi gutxi egiten ditudan. 

Nola ikusten duzu gaur egun emakumezkoen futbola?
Ni hasi nintzenetik hona urrats handiak eman dira. Futboleko azken hitzarmena lorpen handia izan da. Niretzako pentsaezina zen emakumezkoak profesionalak izatera iristea. Hala ere, borrokan jarraitu behar dugu eta emakumezkoen futbolari ikusgarritasun gehiago eman. Eta ez futbolean bakarrik, baita beste kirol guztietan ere. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide