Egoeraren larritasuna ikusita, Zarauzko Udalak hainbat neurri hartu ditu Ukrainako gerrako errefuxiatuei harrera egiteko, eta bertara laguntza humanitarioa helarazteko. Errefuxiatuei harrera egiteko sarean dago udala, Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen bitartez, eta 2017tik hainbat familia iritsi dira herrira programa hori esker. Orain, egun dagoen premiari erantzute aldera, beste bi etxebizitza berri jarriko ditu harrera-programaren eskutan Zarautzek errefuxiatu gehiago har ditzan.
Era berean, laguntza humanitarioa bideratuko du Ukrainara, Unicef eta Hotz Zarautzen bitartez. Horretarako, Hotz Zarautzek eta ukrainar jatorriko zarauztar batzuk, udalaren laguntzarekin, material bilketa egingo dute Gaztelekuko pilotalekuan ostiral honetan hasi eta astebeteko epean, martxoaren 19ra arte. Ondorengo ordutegian ariko dira herritarrek eramandakoa jasotzen: 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
Ondorengo lehengaiak bilduko dituzte: iraungitze luzeko elikagaiak (energia-barratxoak, esnerik gabeko txokolatea, latak –arrain eta haragi kontserbak, lekaleak eta frutak–, gailetak, fruitu lehorrak, jaio berrientzat esne-hautsa, ehotutako kafea eta tea); higiene artikuluak (pixoihalak eta konpresak, toallatxoak; xaboi-pastillak, hortzetako eskuilak eta orea); eta hotzari aurre egiteko materiala (lo-zakuak, mantak, luzagailu elektrikoak eta 3 Kw-eko elektrizitate-sorgailuak).