2022ko Martxoaren 8a

Udalak Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala egin du

Gorka Eizagirre - Elena Marguello 2022ko mar. 8a, 14:10

Zarauzko Udalak martxoaren 8aren harira adierazpen instituzionala egin du gaur 12:00etan udaletxeko batzar aretoan. Udal talde guztiek bat egin dute Berdintasun legea berritzea, berdintasunaren aldeko konpromisoa indartzea lelopean egin duten irakurketarekin, eta alderdi bakoitzeko bozeramaile bakoitzak adierazpenaren zati bat irakurri du.

Urtero bezala, martxoaren 8 honetan ere, gogora ekarri nahi dugu emakumeei historikoki usurpatu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroken garrantzia. Borroka horiek, zalantzarik gabe, emakumeen bizitzako hainbat arlotan aurrerapen handiak lortzen lagundu dute, eta ez ziren posible izango emakume elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana izan da, bakoitza bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta estrategiak partekatuz, helburu beraren alde: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea. Gaur egun, oraindik ere, bide luzea gelditzen zaigu emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea.

Esparru horretan, beharrezkoa da Eusko Legebiltzarrak onartutako Berdintasunerako 4/2005 Legearen Aldaketaren garrantzia azpimarratzea. Legea, beraz, testuinguru egoki batean oinarritu da bere arau-esparrua eraikitzeko eta, horren bidez, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa emateko.

Badakigu, gaur egun, gure herri eta hirietan, berdintasunarekiko gero eta sentsibilizazio handiagoa duten herritarrak ditugula, eta gero eta neurri gehiago eskatzen dituztela emakumeenganako indarkeriaren aurka. Horregatik, lege berri hau aukera bikaina eta tresna egokia da gizarteak eskatzen duenari eta erakundeek herritarren aurrean duten konpromisoari erantzuteko. Berdintasunerako legearen aldaketak indartu egingo ditu berdintasun-politikak, eta, beraz, aurrerapena ekarriko du gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa lortzeko bidean.

Sinetsita gaude emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubide bat izateaz gain, behar estrategiko bat ere badela, demokrazian sakontzeko eta euskal gizarte kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta sozialki eta ekonomikoki jasangarriagoa eraikitzeko.

Eta gizarte gisa dugun erronka honetan, tokiko erakundeok aukera paregabea dugu ahalik eta erantzun onena emateko arau-esparru berriak dakarren erronka handiari, betiere herritarrekin eta tokiko elkarte eta mugimendu feministekin estuki lan eginda.

Tokiko erakundeek konpromiso argia erakutsi dute berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzearen alde. Azken 15 urteetan, eta 4/2005 Legeari erantzunez, Euskadiko udalek pixkanaka- pixkanaka egiturak, aurrekontuak eta sareak sortu dituzte Berdinsareatik, tokiko komunitateen eta euskal herritar guztien beharrei eta eskaerei erantzuteko. Aldi berean, beharrezkoa da aurrera egiten eta hobetzen jarraitzea eta udalerriei —batez ere txikienei— tresnak ematea erronka horiei aurre egiteko.

Sakondu beharreko gaien artean daude berdintasunaren zeharkakotasuna (politika publiko guztietan); emakumeen ahalduntzea; zaintza-lanak ikusarazi, baloratu eta partekatuko dituen gizarte baten eraikuntza; gizonak berdintasunean inplikatzea; pobreziaren feminizazioa gutxitzea; emakumeen sexu-askatasuna; eta hezkuntza, tresnarik eraginkorrena delako balioak aldatu eta horrela emakumeek arlo guztietan bizitza librea eraikitzeko.

Horregatik, martxoaren 8 honetan, Zarauzko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu: berdintasunaren arloko politiken eta zerbitzuen diseinuan eta plangintzan aurrera egitea; jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak bultzatzea eta indartzea; arauak, jarraibideak eta gidalerroak lantzea, legean eta haren garapen-araudian jarritakoa bere esku-hartze esparruetara egokitzeko; eta behar diren baliabideak jartzea.
 
Zehazki, konpromisoa hartu nahi dugu honako erronka hauetan aurrera egiteko:

● Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta teknikoak indartzea.

● Generoaren eta giza eskubideen ikuspegia indartzea, bai berdintasunaren aldeko lanean bai Udaleko arloen arteko koordinazioan.

● 2022an udal-protokolo bat landu eta adostea, Zarautzen indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko.

● Berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea administrazioko langileen artean, prestakuntza-plan oinarrizko, derrigorrezko eta etengabekoa progresiboki planifikatuz.

● Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema zabaltzea, gure eskumenen esparruan, detekzio goiztiarreko sistemen hobekuntzan aurrera eginez, neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea kokatuz eta biktimen erreparazio-eskubidea aintzat hartuz.

● Ikuspegi intersekzionala txertatzen jarraitzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esku-hartze publiko osoaren ikuspegi bultzatzaile gisa.

● Herritarren sentsibilizazioan sakontzea, kanpaina eta programa instituzionalak eginez gizartea eta, bereziki, gizonak eta mutikoak kontzientziatzeko, eta emakumeak ahalduntzeko.

● Berdintasunaren aldeko neurriak eta emakumeak ahalduntzeko neurriak osotasunean garatzen jarraitzea, mugimendu feministaren parte-hartzea bultzatuz eta haien ekarpenak txertatuz.

Martxoaren 8a dela-eta, herritar guztiei dei egiten diegu udalerrian antolatutako mobilizazioetan parte har dezaten!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide