Fernando Franco zuzendariaren film berriko protagonistetako bat da Telmo Irureta. La consagracion de la primavera du izena pelikula honek eta Valeria Sorolla, Emma Suarez eta Telmo Irureta dira protagonistak. Sorollarentzako lehen filma izango da; Suarez, aldiz, beteranoa eta aski ezaguna da. Hiru Goya sari irabazi ditu, besteak beste.
Filmak Laura (Valeria Sorolla) aurkezten du. Madrilera iritsi berria da eta Ikastetxe Nagusi batean kokatuko da Kimikako karrera ikasteko. Bakarrik eta ia dirurik gabe, bere unibertsitate-bizitzara egokitzen saiatuko da, bere segurtasunik ezarekin borrokatzen duen bitartean. Gau batean, kasualitatez, David (Telmo Irureta) ezagutuko du, Isabel amarekin (Emma Suarez) bizi den garuneko paralisia duen mutikoa. Elkarrekin konfiantzazko harremana hasiko du Laurak, konplexuak gainditu eta heldutasunerako etapa berri bati aurre egiten lagunduko diona.
La herida eta Morir pelikulen zuzendaria da Franco, eta hau izango du bere hirugarren filma. Zuzendariak azaldu duenez, "egoera emozionalen bide gurutzetatik igarotzen diren pertsonaien erretratu psikologikoek" oinarritzen dute bere lana. "Laura ingurune kontserbadore batetik dator, eta ez du zerikusirik Daviden etxean aurkitzen duenarekin. Tolerantziako oasi moduko bat da David, eta ez dago batere ohituta”.
Otsailaren bukaeran hasi ziren filma errodatzen, eta aurreikuspenak betetzen badira, martxoaren amaierara bitartean arituko dira lanean Granada eta Madril artean.