Ukrainari elkartasuna adierazi diote zarauztarrek elkarretaratze isilarekin

Iñigo Gaiton 2022ko martxoaren 5a

Herritarrek eta udal ordezkariek bat egin zuten bat arratsean, Lege Zaharren Enparantzan egindako kale agerraldian. 'Gerrarik ez!' lelopean, elkarretaratze isila egin zuten.

Atzo iluntzean, 20:30ean, Ukrainako gerrako biktimei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zen Lege Zaharrren Enparantzan. 'Gerrarik ez!' pankartaren atzean udal ordezkariak kokatu ziren, eta haien aurrean, borobilean jarrita, herritarrak. Isilik egin zuten guztiek kale agerraldiak iraun zuen denbora tarte, eskuetan kandelen eta telefono mugikorren argiarekin.

Bukatutakoan, ukrainar familia-erroak dituen Lisa Makarova zarauztarrak manifestu bat irakurri zuen. "Bakea nagusi izango den mundu baten alde" hausnartzera dei egin zituen zarauztarrak. Ukrainarako bakea eskatu zuen Makarovak, baita "munduan dauden beste gerra guztietarako ere". Ukrainako gerran laguntzeko deia ere egin zien gazteei, "teknologia berrien bidez gai garelako informatzeko, antolatzeko eta kontzientzia pizteko". Amaitzeko, "eskua bihotzean", esker oneko hitzak zituen egunotan laguntza eman duten herritar eta erakunde guztientzat. Irakurketa amaitutakoan, txalo zaparrarekin amaitu zen elkarretaratzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide