2022ko Martxoaren 8a

Martxoak 8aren harira egitaraua antolatu du Zarauzko Koordinadora Feministak

Elena Marguello 2022ko mar. 3a, 09:55

Hiru egunez luzatuko da M8 Feministok elkarrEKIN lemapean plazaratu duten egitaraua. Hala nola, manifestazioa, hausnarketa solasaldia eta trikipoteoa eta errezitaldia gauzatuko dituzte hurrengo astean zehar.

Zarauzko Koordinadora Feministak hainbat ekimen antolatu ditu martxoaren 8an ospatuko den Nazioarteko Emakume Langileon egunaren harira. M8 Feministok elkarrEKIN lemapean, hiru egunez luzatuko den egitaraua izango da herrian euren aldarria lau haizetara zabaltzeko asmoz: borrokan jarraitzea, ahalik eta jendarte parekideena eta justuena lortu arte.

Martxoaren 8an, herria apaintzeko hitzordua jarri dute 18:00etan Udaletxe Plazan, eta 19:00etan manifestazioa abiatuko da bertatik. Martxoaren 10ean, ostegunean, 18:30ean hasita 'Nolako zaintza sistema komunitarioa behar dugu?' hausnarketa solasaldia eskainiko dute Emakumeen* Etxean. Martxoaren 12an, berriz, Musika plazatik abiatuta trikipoteoa eta errezitaldi kolektiboa eskainiko dituzte 18:00etatik aurrera. Gainera, egun osoan zehar, Morroxka eguna ospatuko dute Gaztetxean, hala nola, bazkaria, dantza eta festa egingo dituzte.

Itziar Morenoren erakusketa ikusgai

Gaurtik hasi eta hilaren 31ra bitartean, Itziar Moreno euskal preso politikoaren Gorputz eta gogo erresistentziak erakusketa ikusgai izango da Arrano eta Eguzki tabernetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide