Gaur goizean jarri dute ikusgai Nagore Amenabarroren (Amezketa, 1986) Beste bizitzak lana Photomuseumen. Liburuek, aldizkariek nahiz katalogoek osatzen dute bere azken lanaren abiapuntua, eta hortik, 75 margolan biltzen dituen erakusketa osatu du amezketarrak. Margolanak paperean inprimatutako hainbat argitalpenetatik datozen irudien gainean egin ditu, eta gaurtik apirilaren 10era bitartean izango da ikusgai.
Egunerokotasunean erraz eskura daitezkeen elementuak dira liburuak, aldizkariak eta katalogoak, eta elementu horiek funtzionamendu onartua eta kontsumo azkarrekoa izaten dute. Baina, neutroa izatetik urrun, material ia gordin hori esanahiz beteta dago, eta esanahi horiek dira, hain zuzen ere, artista amezketarraren lan-prozesuan ekintzak bideratzen dituztenak. Proposamena berrinprimatze- eta berridazpen-lan gisa garatzen da, keinu edo manipulazio baten bidez irudiaren izaeran eta interpretazioan desbideratze bat sor dadin, irudia aldatu eta jardun-kode bat sortzen den heinean.