Udalak jakinarazi duenez, bihar zabalduko da Aritzbatalde kiroldegian hirugarren hiruhilekoari dagokion igeriketa ikastaroetan izena emateko epea, jaioberri, haur, gazte zein helduentzako. Ikasle berrientzako epea bihartik martxoaren 7ra bitartean egongo da zabalik, eta zozketako emaitzak martxoaren 10ean argitaratuko dira, udalaren webgunean nahiz kiroldegiko harrerako panelean.
Ikasturte honetan igeriketa ikastaroren batean parte hartu duten igerilariek, berriz, martxoaren 12tik 18ra arte edukiko dute izena emateko epea, plaza librerik balego. Bigarren zozketa horren emaitzak martxoaren23an argitaratuko dituzte udalaren webgunean eta kiroldegiko harrerako panelean.
Ikastaroak martxoaren 28ko astean hasiko dira, eta ekainaren 24an amaitu. Astean saio bat edo bi izango dira, ikastaroaren beharren arabera. Zozketan plaza tokatuz gero, automatikoki emango da alta. Ezeztatzeko, ikastaroa hasi baino lehen jakinarazi beharko da. Argibide gehiagorako, 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu daiteke, edota kirola@zarautz.eus helbidera idatzi.