Abandonatutako 328 bizikleta Ayuda Contenedores fundazioari eman dizkio udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko otsailaren 27a

Basurko eta Elola zinegotziak eta Oteitzako ikasleak, bizikletekin. (Zarauzko Udala)

Ayuda Contenedores fundazioak, ahal den heinean, bizikletak konpondu eta hirugarren munduko herrialdeetara eramango ditu. 

Herritarrek bizikleteroetan abandonatuta lagatako bizikletak horietatik kentzeko kanpaina abiatu zuen  Zarauzko Udaltzaingoak 2019an. Orain, jasotako bizikleta horiei bigarren bizitza emateko asmoarekin, azken urteetan jasotako 328 bizikleta eman dizkio Ayuda Contenedores fundazioari. Iruñean dauka egoitza fundazioak, eta ahal den heinean, bizikletak konpondu eta hirugarren munduko herrialdeetara eramaten dituzte. 

Iker Basurko udaleko Mugikortasun zinegotziak eskerrak eman dizkie Oteitza Lizeo Politeknikoko Lanbide Heziketako Erdi Mailako Instalazio Elektriko eta Automatikoen taldeko ikasleei, boluntario lanetan jardun baitziren bizikletak kanioian kargatzen laguntzeko. Bestalde, Patxi Elola Lankidetzarako zinegotziak eskerrak eman dizkio Bangassou fundazioari, bere lana "oso lagungarria" izan delako akordiora iristeko. "Bizikleta hauek orain munduko zonalde behartsuenetako jendearen egunerokoa hobetzen lagunduko dute", adierazi du Elolak.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide