Chytilovaren zinema "lotsagabe eta urratzailea" hizpide, gaur Photomuseumen

Onintza Lete Arrieta 2022ko otsailaren 25a

Vera Chytilova.

Vera Chytilova zinema zuzendari txekiarrari buruzko saioa egingo dute gaur Aula/Gela programaren barruan. "Hasieratik feminismoarekin konprometitutako artista" izan zela nabarmendu dute.

Ostiral honetako Aula/Gela emanaldian Vera Chytilova zinema zuzendari txekiarra izango dute hizpide. Bere filmografiaren barruan Margaritak lana nabarmentzen dela esan dute antolatzaileek, eta besteak beste, film horri buruz ariko dira. "Film esperimentala eta surrealista da: eszenak bata besteekiko loturarik gabekoak dira, ez dute kode eta estetika narratiboa eta bisuala jarraitzen. Beste hizkuntza zinematografiko bat erabiltzen du".

Jakinarazi dutenez, film hori argitaratzeko arazoak izan zituen zuzendariak. "Pragako Udaberria baino bi urte lehenago filmatu zuen lana, eta agintari komunistek zentsuratu egin zuten. Gobernu komunistak ez zuen begi onez ikusten Chytilovaren zinema lotsagabe eta urratzailea, eta bere jarduera 1975era arte debekatu zuten".

"Feminismoarekin konprometituta hasieratik"

Antolatzaileek, ohi bezala, hizketagai izango duten artistaren biografia azaldu dute: "Vera Chytilovak filosofia eta arkitektura ikasi zituen Pragako Zinematografia Eskolan (FAMU) sartu aurretik. Otakar Vavra izan zuen maisuetako bat, eta, berarekin batera ikasi zuten Milos Forman eta Jiri Menzelek. Azken horiek 1960ko hamarkadaren hasieran, Txekoslovakiako olatu berrian nabarmendu ziren. Chytilovak mugimendu zinematografiko horretako alderdi esperimentalena landu zuen. Bere ibilbide zinematografikoaren hasieratik feminismoarekin konprometitu zen. 2014an hil zen, 85 urte zituela".

Kulturaren zabalkunderako Aula/Gela programa Photomuseumak sustatutzen du, eta Zarauzko Udalak babesten du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide