Inauteriak 2022

Jaia, kondaira eta sustraiak, plazan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 25a, 09:36

Esther Iztueta eta Garazi Eizagirre, Jalgi dantza taldearen entsegu lokalean. (Amaia Urbieta Arruti)

Mari buru dutela, galtxagorriak, lamiak, sorginak eta jentilak aterako dira gaur kalera. Jalgi dantza taldearen ekitaldiak zabalduko du inauterietako egitaraua.

Mitologiak hartuko ditu Zarauzko kaleak gaur iluntzean. Eguzkia ezkutatzearekin batera, dantzara aterako dira galtxagorriak, lamiak, jentilak eta sorginak, Mari buru dutela. Denera, 110 lagun inguruk parte hartuko dute ekitaldian. Festa oro baldintza zailek eta arau murriztaileek mugatu dute azken bi urteetan, baina badirudi aurten inauteri giroaz gozatu ahalko dutela herritarrek. Gogotsu dago jendea, eta Jalgi dantza taldekoek antolatutako Galtxagorrien Jaitsierak zabalduko du inauterietako egitaraua gaur, 18:45etik aurrera. Imanol Urbieta musika eskolatik abiatuko da kalejira, Zigordia kaletik San Frantziskora joko dute, eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren, Lege Zaharren enparantzan Akelarrea egingo dute. 

2020an egin zuten lehen aldiz desfile deigarria. Jalgi sortu aurretik, Zarautzen Iratzarri dantza taldeko kideek atera ohi zituzten plazara garaiotan tradizionalak diren euskal dantzak.    Jalgik ohitura hori berreskuratu du nolabait, baina formatu ezberdinean, mitologiari garrantzi handiagoa emanda, eta molde herrikoiagoan. Zarautzen galtxagorriek eta haien inguruko kondairek halako sona izanik, ekitaldiaren protagonistak beraiek izatea otu zitzaien, Esther Iztueta eta Garazi Eizagirre Jalgiko kideek azaldu dutenez. "Nahi genuen euskal dantzak kalera ateratzea, inauteriei euskal kutsua ematea, eta hori mitologiarekin lotu genuen".

Duela bi urte estreinakoz egin zuten ekitaldia oso arrakastatsua izan zen. Jalgin ikasten duten haur nahiz helduek hartu zuten parte, eta parte hartzaileek nahiz publikoak gozatu ederra hartu zuten. Iaz, berriz, entsegu lokalean bertan bideoz grabatutako jaitsiera sinbolikoa egin zuten. 

2020an atera ziren galtxagorriak kalera azkenekoz. (Mireia Galarza Bastida)


Aurten, ia-ia normaltasunez aterako dira plazara, baina Iztuetak eta Eizagirrek azaldu dutenez, haurren taldeek soilik parte hartuko dute, jende gehiegi ez pilatzeko. Gainera, haurrak burbuila taldeka mantendu beharko dituzte. 

Bidelagun izan zituzten orain bi urte, eta aurten ere izango dituzte, Alproja antzerki taldeko hainbat kide, Zarautz Trik taldeko trikitilari eta pandero-jotzaileak, eta Goizeko Ihintza taldeko txistulariak. Joaldunik eta herensugerik ez da izango aurten, baina Zarakatun batukada taldeko hainbat kide aterako dira, desfileari perkusioaren bidez indarra emateko asmoz. 


Edonork dantza dezake

Lehenengo aldiz egin zutenean bezala, jaitsiera antolatzen dutenen helburua da ikusleek ere dantzatu ahal izatea. Pertsonaiek dantzatuko dituztenak ez dira bereziki inauteriei lotutako dantzak izango –Lantzeko Inauteriak dantza izan ezik–. "Helburua zen dantzak errazak izatea, ume guztiek egin ahal izateko eta kanpotik sartzen den jendeak ere egin ahal izateko", azaldu du Iztuetak. 

Guztia birpentsatzea nekeza izan dela aitortu du Eizagirrek. Bere arabera, zaila izan da batez ere "nola egin eta nola asmatu" pentsatzea. "Hasteko, ez genekien jendea animatuko zen ala ez. Leku itxian egitea ere pentsatu genuen, baina zentzurik ez genion ikusten". Beste hainbat alternatiba ere mahai gaineratu zituzten, baina azkenean, desfilea kalean egiteko moduan izango dira, guztiak batera. Zenbait elementu kendu behar izan badituzte ere, umeei aukera eman nahi zieten ateratzeko. "Orain arte beraiek izan dira mugatuen egon direnak, eta horiek dira gure lehentasuna". Haurrak "ilusioz" sumatzen dituzte Iztuetak eta Eizagirrek, eta 2020an oso ondo pasatu zutenez, gogotsu daude aurten ere. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide