Udalsarea 2030 sareak Zarautzen egin du Gipuzkoako lurralde topaketa

Mireia Galarza Bastida 2022ko otsailaren 24a

Bertan, antolatzen ari diren tokiko ekintza jasangarrien berri emateaz gain, 2030 Agenda bultzatzeko diseinatzen ari diren akordio berriaren berri eman zuten.

Udalsarea 2030 sareak astearte goizean egin zuen Zarauzko Modelon lurralde-topaketa. Bertan, antolatzen ari diren tokiko ekintza jasangarrien berri emateaz gain, 2030 Agenda bultzatzeko diseinatzen ari diren elkarlaneko esparru akordio berriaren berri eman zuten. Horretaz gain, Gipuzkoako hiru udalerri eta eskualdek 2030 Agendaren baitan euren proiektuak eta egiten ari diren lana aurkeztu zuten.

Ekitaldian izan ziren Alexander Boto, IHOBEko zuzendari nagusia; Asier Aranbarri, Lehendakaritzako Gizarte Trantsiziorako eta 2030 Agendarako Idazkaritza Nagusiko ordezkaria eta Sebas Zurutuza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategiako zuzendari nagusia.

Horretaz gain, Legazpi eta Tolosaldearekin batera, Zarauzko ordezkariek 2030 Agenda ekimeneko beraien proiektu estrategikoaren berri eman zien udalerri desberdinetatik eta erakundeetatik etorritako ordezkariei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide