Helburu bikoitzeko bisita egin zuten Zarautzera atzo Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak. Batetik, Xabier Txurruka alkatearekin lan bilera izan zuten, bi erakundeen arteko elkarlan lerroak landu eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak aztertzeko.
Joan den uztailaren 1ean ipini zuten Zarautzen kapsula hori, eta horren bidez, herritarrei galdetu zieten beraien ustez 2040an Gipuzkoak "zein balio mantendu beharko lituzkeen". Denera, zarauztarren 107 ekarpen jaso zituzten, eta Olanok jakinarazi duenez, horiek guztiak, gainontzeko herrietan jasotakoekin batera, foru erakundearen parte hartze aurrekontuen prozesuan kontuan hartuko dituzte. Zarauzko ekarpenei dagokienean, Olanok azaldu duenez, herritarrak gehien kezkatzen dituen hiru arloak berdintasuna, gizarte politikak eta euskararen normalizazioa dira.
Gizarte zentro "berritzailea"
Bisitaren beste helburua izan da Aldapetan eratze bidean diren gizarte zentro berria eta etxebizitza tutelatuak bisitatzea. Zerbitzu publiko berria eskaini ahal izateko, 338 metro koadroko lokala laga dio udalak aldundiari. Gizarte zentroa 2022ko udazkenerako martxan egongo dela aurreikusi du Maite Peña diputatuak, eta esan duenez, zentro "aitzindaria" izango da. Hainbat motatako desgaitasuna duten pertsonak artatzeko prestatuta egongo da zentroa, eta Gipuzkoan, momentuz, ez dago eredu horretako beste zentrorik. "Arreta modu berriak ezagutzeko" balioko duela uste dute agintariek, eta probaldi baten ondoren, eredu hori lurraldeko beste toki batzuetara zabaltzea aztertuko dute. Aurreikuspenen arabera, zentro berriak 25 plaza izango ditu guztira, eta desgaitasun fisiko, intelektual edota desgaitasun mistoa duten pertsonak joango dira bertara.
Aldapeta eraikineko bi etxebizitza ere lagako dizkio udalak diputazioari, bertan etxebizitza tuelatuak egiteko. Zortzi lagun bizitzeko tokia izango duten etxebizitzak martxan jarriko dituzte laster Aldapeta eraikinean bertan, Eguneko Zentroaren goiko aldean. Aldundiarekin elkarlanean egindako azken bi egitasmoekin Aldapeta etxebizitzaren proiektuak hasieratik izan duen "izaera soziala" berresten dela azaldu dute agintariek.