Gertatutako guztia argitan jarri txostena aurkeztuko dute Zarautzen bihar. Hain zuzen, azken 45 urtetan Mendebaldeko Saharan emakumeek jasandako giza eskubideen urraketak ditu hizpide lanak, eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluan HEGOA Institutuko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek egin dute.
El Ghalia Djimi aktibista sahararrak eta Irantzu Mendia Hegoa Institutoko zuzendariak eskainiko dute hitzaldia, 18:00etan hasita, Antoniano aretoan. Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Saharako Elkarteko presidenteordea da El Ghalia Djimi, eta txostena lantzen ibili da bera, beste hainbaten artean. Hiru urte baino gehiago igaro zituen desagerturik, Marokok kartzela ezkutu batean eduki zuen, eta bere testigantzari esker Mendebaldeko Saharako emakumeek pairatzen duten egoeren berri eduki ahalko dute hitzaldira bertaratzen direnek.