Zarautzen Foru Ogasunaren Bulegoa irekitzeko eskatu du PPk Batzar Nagusietan

Onintza Lete Arrieta 2022ko otsailaren 22a

Alderdiak pentsaohar bidez azpimarratu du premiazkoa dela eskaera, eta bulegoak prest egon behar lukeela zarauztarrek "aurten bertan" egiteko kudeaketa horiek herritik irten gabe.

PP alderdiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak, Juan Carlos Canok, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Zarautzen Foru Ogasunaren Bulego bat irekitzeko. “Bulego hori gaitu egin beharko litzateke zarauztarrek aurten bertan kudeaketak egin ditzaten”.

"Oraindik gipuzkoar askok, batez ere adinekoek, nahiago dute aurrez aurreko zerbitzua, ez zaielako erraza haien kudeaketak Internet bidez egitea. Ezin zaie eskubide hori ukatu, ezta berea ez den beste herri batera joatera behartu ere, hala nola Azpeitira edo Donostiara, zarauztarren kasuan”.

Canok azpimarratu du Zarautz Gipuzkoako "bosgarren herri handiena" dela biztanle kopuruari dagokionez, "udan biztanle kopuru bikoitza izatera iristen delako", eta "eskualdeko motor ekonomikoa" ere badela gaineratu du. 

Canok kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrentzako arreta-bulegorik ez edukitzea Zarautzen, eta gainera, azken urteetan beste zerbitzu batzuk ere kendu izana, "hala nola Bidegiren erabiltzaileentzako arreta zerbitzua". Gainera, "askoz urrunagoko administrazioek, esaterako Gobernu zentralekoek, badituzte egoitzak Zarautzen; Gizarte Segurantzaren Bulegoak edo Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak".

PPko bozeramaleak esan du aurrez aurreko arretarako beharrezko zerbitzurik ez dutela bermatzen ez Jaurlaritzak, ez aldundiak. "Ondorioz, zarauztarrek telematika bidezko zerbitzuetara jo behar dute, bankuek egiten duten bezala, eta herritar guztiek ez dute horretarako aukerarik".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide