Jakina da ezgaitasunak dituzten pertsonek ere Olinpiadetan parte hartzen dutela, meritu izugarria dutela egindako esfortzuarekin haraino iritsi direlako. Baina hauek ere, bertaraino iristeko eta aparkatu ondoren kotxeetatik atera ahal izateko, Txartel Urdina badute, nahikoa meritu izango dute espaloira iristeko, behintzat, Zarautzen espresuki ezgaitasunen bat dutenek erabiltzeko prestatutako zenbait aparkaleku erabili nahi izanez gero.
Ikusi beharra dagoena! Adibidez, Euromar parera joan behar baduzu, kotxetik aterako zara, bai, baina gero, lehenbizi, bastoia hartu eta pertiga saltoa egin beharko duzu errepidetik espaloia hasi arteko zuloa gainditzeko; aupa zu, gainditzea lortu baduzu! Zorionekoa zu! Ondoren, triatleta moduan, lokatz artetik irristaketa artistikoa eginez, zeharkatuko duzu belarrez jantzitako Tourmalet. Eutsi horri! Olinpiadetatik gero eta hurbilago zaude dagoeneko! Eta lasai, gehiegi irristatuz gero, baduzu heldulekua eta, hortxe duzu erdi-erdian ezinduentzako aparkalekua dela adierazten digun trafiko seinalea zutik zuhaitz artean.
Listo, 82 urteko ama datorren urtean Olinpiadetara bidaltzeko moduan gara ia-ia. Sponsorrik?
Zarauzko Udala, mesedez, behaketatxo bat egin herrian ezinduentzako prestatuta dituzuen aparkalekuei, asko baitira lotsagarri daudenak. Guztiak baldintza egokian jartzea behar-beharrezkoa da denon mugikortasun aukerak bermatzeko.
Kontxi Bengoetxea