Otsail hasieran egitekoak baziren ere, baldintza meteorologikoengatik bertan behera laga behar izan zuten Punta Galea Challenge surf txapelketa.
Orain, txapelketako antolatzaileek iragarri dute bihar ekingo diotela lehiari, itsas baldintzak horretarako egokiak izango direla aurreikusten baitute –sei metro inguruko olatu garbiak espero dituzte–. Getxoko (Bizkaia) itsaslabarretan jokatzen den surf txapelketa ezagunean parte hartuko dute Aritz Aranburu, Indar Unanue, Axi Muniain eta Iker Amatriain zarauztarrek, eta haiekin lehian ariko dira nazioarteko beste hainbat surflari; hala nola Lucas Chianca brasildarra (aurreko txapelketaren irabazlea), Alex Botelho eta Antonio Laureano portugaldarrak edota Pierre Rollet frantsesa.