Nola indartu euskararen gizarte mugimendua? izenburua du Topaguneko lehendakari eta dibulgatzaile den Kike Amonarriz eskainiko duen hitzaldiak. "Aurten, kalera atera eta herritarrak kolektiboki elkarrekin aritzeko aitzakia izango dugu, bertan baititugu Korrika eta Euskaraldia. Nola aprobetxatu, ordea, herriko biziera sendotzeko? Zein dira gakoak?". Galdera horiei erantzuna emango die Amonarrizek. Aurreratu ahal izan digunaren arabera, "ez dago errezeta magikorik". Haren hitzetan, dinamika sozialak eta herritar aktiboak dira ezinbesteko osagaiak.
Topaguneak esku artean dituen egitasmoak eta asmoak aipatuko ditu, bide batez, erakunde horretako lehendakariak. Normalizazio prozesuari bultzada emateko kontzientzia kolektiboaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Amonarrizek. Beste hainbat gako ere emango ditu, aurreratu ahal izan duenez, minoria aktiboak nola osatu, edota transmisioa nola egin, besteak beste.
"Berraktibazio urtea"
Aktibazio sozialerako urte garrantzitsua izan daitekeela uste du Amonarrizek. Haren hitzetan, "ez dira garai errazenak" horretarako: "Garai likidoak dira, eta horri pandemiaren eragina gehitu behar zaio. Indibidualizazio prozesuak areagotu egin dira, eta kalea eta batzeko lekuak galdu". Hizkuntzaren inguruko aktibazioa ere galdu egin dela uste duen arren, urte hau aktibazio horretarako gakoa izan daiteke. Ekitaldi ugari aipatu ditu, horien artean, Korrika, Bertsolari Txapelketa Nagusia edota Euskaraldia.
Amonarrizen ustez garrantzitsua da, tokian tokiko beharrak eta aukerak aztertu ondoren, dinamikak sortzea, eta horiek aztertzen saiatuko da biharko saioan. "Denok gara beharrezkoak mugimendu sozialetan. Gune motoreak behar dira, baina kanpoko geruzak ere bai. Norberak ahal duen hori eman dezan eskatuko dugu", dio Amonarrizek.