EH Bilduk bere desadostasuna adierazi du prentsa ohar bidez, urtarrilaren 27ko udalbatzarrean Errotaberriko industrialdean txikizkako mertararitza ahalbidetzea onartu zelako behin betiko. "Erabakia arriskutsua" dela gaineratu du. "Zarautzen industria bultzatzeko behar handia egon arren, oreka bilatu beharrean, zerbitzuetara soilik bideratutako herri bat bilakatzen ari da".
Koalizioak esan du Udal Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi duela hainbat industria enpresak Errotaberrin kokatzeko eskaerak egin dituztela, "eta horrek oraindik eta ulergaitzago egiten du hartutako erabakia" EH Bildurentzat.
Eragina "eremu osoan"
"Zarauzko EH Bilduk argi utzi nahi du hartu den erabakiak ez diola bi partzelei bakarrik eragiten, industrialde guztiari baizik. Bi partzelei txikizkako merkataritza jartzeko baimena eman zaie (1.000-2.500 metro koadro arteko merkatal guneei), baina ez hori bakarrik, gainontzeko partzela guztietan, eremu osoan, industriarako erabilera ez diren beste hainbat baimenduko dira. Hala nola, kirol erabilera, hotel erabilera, jolas, aisia edota ikuskizunerako erabilera, erlijio erabilera eta beste hainbat", azaldu du.
Horri lotuta, "Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuak" aipatu ditu: "Zarauzko jarduera-sektoreek aldaketa nabarmena jasan dute azken urteetan. Adibidez, 1996an industriak Zarauzko ekonomiaren %21,9 suposatzen zuen, eta 2019an, berriz, %13,5. Zerbitzuek %67,6 suposatzen zuten 1996an, eta 2019an %75,3. Alegia, zerbitzuak gora doaz eta industria behera. Eta EH Bilduren ustez, udalak apustu garbia egin behar du joera horri buelta emateko".
Hala, EH Bilduk uste du horrelako erabaki bat Zarautz 2030 plan estrategikoa bukatu ondoren hartu behar litzatekeela, "eta ez aurretik".