Bada pasadizo eder bat: Nafarroako lehengusu batzuk ezkontzeko hitz emanda zeuden. Azken unean alargun aberats batek agertu zuen neskarekin ezkontzeko interesa. Neskak berak jakinarazi zion mutilari: “Beste hark ezkondu nahi dik nirekin, baina nik ez diat agure zahar hori hartuko”. Aste batzuen buruan mutilari berriro iritsi zitzaion esamesa, ordea. Zer edo zer bazerabiltela biek. Neskarengana joan, eta hark, negarrez, baietz, ezkontza itxi behar izan zuela agurearekin. Mutilak, haserre bizian, Pello Errotarengana jo zuen, bertsoak jartzera. Zabaldu ziren bertso paperak, eta iritsi zitzaizkion agureari ere. Hura ere sutan azaldu zen Pello Errotarenean: “Merezi al nuen nik bertsorik? Andregaia falta nuenez, hura ‘pretenditu’ besterik ez nian egin!”. Errotariak azaldu zion bere lana besterik ez zuela egin. Eta agureak: “Orduan jar itzak beste batzuk nire alde!”. Baina Pello Errotak badaezpada mutilarengana jo zuen, zer egin behar ote zuen galdezka. Hark ondo zekien zenbat balio zuen bertsoak jartzeak –bost duro–, eta beste horrenbeste eman zion, ez jartzearen truk. Behin jarritako bertsoak bitan kobratuta, gustura gelditu zen asteasuarra.
Bertso jarrien zati handia osatzen dute bidean gelditutako ezkontzei buruzkoek, eta horietako batzuk argitaratu zituen Antonio Zavalak orain 60 urte Ezkontza galdutako bertsoak (Auspoa) liburuan –bigarren bilduma bat ere egin zen gerora, 1999an–. Sarri samar gertatzen zen: bikote baten ezkontza asmoak azken uneko arrazoi aldrebesen batengatik porrot egiten bazuen, ezkongaiak bertsolari batengana jotzen zuen bikote ohiaz gaizki esaka. Hark purrustei bertso-sorta forma eman ondoren, inprentatik pasa eta lau haizetara zabaltzen zituzten. Gehienetan gizonak izaten ziren emakumezkoen aurkako trapu zikinak zabaltzen zituztenak, eta kontrako kasurik baldin bada ere, emakumearen aitaren ekimenez izaten zen gehienetan. Enkarguzko bertsoak izaten ziren, beraz, baina ez beti. Joxemari Iriondok dio askotan bertsolariek eurek jartzen zizkietela bikote ohiei. “Estilo horretako azken bertso sorta, ziur asko, Segundo Etxeberria errezildarrak jarriko zuen. Berak kontatu zidan: andregaiak utzi zuenean hamasei bertso jarri zizkion, baina amak nonbait debekatu egin zion argitaratzea, eta erretiratu egin zituen”. Bertso gehienetan antzeko kontuak leporatzen zaizkie emakumeei: hitza ez betetzea, leiala ez izatea edota diruzalea izatea –bada emaztegaia moja sartu zaiola eta kexaka dabilenik, emaztegaia aitarekin ezkondu delako amorratu denik, edo ezkontzak porrot egin zezan azpijokoan aritutako auzokideen aurka sumintzen denik ere–. Gizonei buruzkoak nabarmen gutxiago dira, eta gehienak aurrez haiek botako akusazioen erreakzioak, norbere ohorea defendatzeko asmoz eginak.
Pello Esnalen ustez, ezaugarri nagusi batek bihurtzen du liburua zail samarra: “Testuingururik gabeko bertsoak dira eta, gainera, Zavalak propio ezabatu zituen bertsoetatik protagonisten izenak eta bizilekuak, inor ez mintzearren. Oso kezkatuta sumatzen dugu horrekin, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Bertsopaper haiek sekulako ondorenak ekarri ohi zituzten, eta ez da harritzekoa min hori berritu nahi ez izana”. Iriondori iruditzen zaio Zavalaren hautua ez zela errespetu kontua bakarrik: “Pertsonaien eta herrien izenak ezabatzea salaketak saihesteko modua zen. Gertatu baitzen bertso jarrietan inoren izena aipatu eta familiak auzitara jotzea”. Badaezpada, kontu berezia izan zuen bertsorik zaharrenak hautatzeko –XIX. mendearen bigarren erdialdekoak dira liburuko lehenengoak–, berrienak gerorako utziz. Hartara, ziurtatu zuen bertsoetan aipatutako inor ez zela bizi.
Baina testuinguru eta erreferentzia faltaz gain, bada besterik: bertsootako euskara ez da ulerterrazena. “Bertsoa zenbat eta zaharragoa, euskara orduan eta zailagoa. Agian bati baino gehiagori atzera eragingo dio horrek, baina ohitzea da kontua”, dio Esnalek. Bertsolariek ez zuten nahi izaten beren izena paperetan agertzerik eta, beraz, ez dago jakiterik sorta bakoitza norena den. Jakina da puntako bertsolariek behintzat jarduten zutela zeregin horietan: Pello Errotak zilarrezko bost duro kobratzen zituen; Txirritak, beranduagokoa denez, hamar. Eta lan ordainduak bezeroari zilegitasuna ematen dionez gero, zenbaitetan moldaketak eskatu ohi zizkieten: ezabatu bertso lerro hau, jarri gogortxoago pasarte hori. Edozer, aurkariaren ospea lohitzeko bazen –norbere sinesgarritasuna galdu gabe, beti ere–.
Izan ziren “eragotzitako bertsoak” ere. Susmo txikienaren aurrean garaiz mugituz gero, noiz edo noiz lortzen zuten ezkongai ohia konbentzitzea bertsorik ez jartzeko. Alferrik izaten zen gehienetan, ordea. Argitaratuz gero, beita gosez zebiltzan auzokideek irrikaz irensten zituzten, eta kolpetik zabaltzen ziren. Biktimak hiru aukera izaten zituen, orduan: barrenak lehertu beharrean isilik irautea, liskarraren bere ikuspegia beste bertsolariren bati kontatzea, edo ezkongaia auzitara eramatea. Ondo zigortuak izan omen ziren gizon bat baino gehiago.