Iritzia: 'Korrika apustua'

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2022ko ots. 11a, 12:15

Inaxio Arregi 77 kiloko burdinarekin Loiolatik Xoxoterako bidean, 2007ko martxoan.

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako HITZA egunkariko 'Puntuka' atalean

Euskaldunok badugu, merezimenduz irabazia, beharbada, apustuzale-ospea, eta, diotenez, edozer izan daiteke apustugai gurean. Esaterako, Inazio Arregi Etxearretak apustu egin omen zuen baietz igo Eibarko tren geltokitik Urko mendira 104 kiloko burdina bizkarrean hartuta. Beste behin, “baietz igo Herniora butano-bonbona bizkarrean dudala!”. Eta nola baldintza zen bonbona lurrean utzi gabe igo beharra, laguntzaile bat eraman omen zuen aulkia bizkarrean zuela, nekatzen zenean bide bazterrean esertzeko, bonbona bizkar gainean zuela, jakina.
Zenbat aldiz xelebrekeriak eta astakeriak gure apustuetan!

Apustu bitxiak gogoan gordetzen dira, ordea, eta, agian, Hernioko bonbonaren zantzuak zituzten Unai Salegi Sarobe mendaroarrak eta Mikel Hernandez Plaentxi plaentxiarrak Mendaron egindako apustuan. Parrandaren batean sortutako apustua zen, agi danez. Mendaroko udaletxetik bost kilometro korrika, kana erdiko bi enbor moztu eta butano bonbona bizkarrean mendi tontorrera saltaka. Ordubete exkaxean amaitu zituen lanak plaentxiarrak. Salegik, ordea, tontorrera iritsi aurreko azkeneko aldapan etsi zuen. Handik, zuzenean ospitalera. Lau egun ingresatuta gorputzetik ihesi joan zitzaion espiritua berriz bere lekura etorri artean.

Izan ere, apustuak egiterakoan eginkizunak ondo neurtu behar dira, gauzak ondo zehaztu, eta, ahal bada, aurkariak pentsatu ez duen moduren batean hari ziria sartu.

Duela urte mordo bat korrika apustua izan zen Zarautz eta Aia artean. Lertxundi baserriko Joan Roteta alde batetik
eta Azken Portu inguruan-edo taberna zuen Kantabriko Motza bestetik. Gerra amaitu eta laster samar izan behar zuen, añonegro haietako batean edo, gosea bazterretara zabaldu eta beldurra hezurretaraino sartu zen urte haietako batean.

Igandetako meza nagusiaren ondoren edota hileko bigarren larunbatetako feria egunetan herrira jaitsi eta elkartu ohi zen baserritar jendea. Zurrutean ere egingo zen, jakina. Horretan ere badugu ospe pixkatxo bat euskaldunok. Kontua da, beti izan direla endreda-makilak mundu honetan, eta haiek bitarteko, edo haiek gabe, erronkan hasi eta apustuan endredatu zirela bi adiskideak, ia ustekabean edo: Zarauztik Aiara korrika-apustua egitekotan, alegia. Jarri zituzten zehaztasunak ere. Botilerorik ez, bidean inor ez edaria edo janaria emango zienik; laguntzaileak ahoz bakarrik laguntzeko baimena, ez bultza, ez tira, ez altxa, ez uki… norberaren indarrak, laguntzarik gabe…

Kontu bat geratzen zen berdindu beharra. Biak ala biak gizon handiak ziren, ehun kilo ingurukoak edo. Lertxundi luzea eta lerdena omen, Kantabriko moztaka eta sendoa. Pisuak eta indarrak berdintze aldera edo, Lertxundik hainbat kilo (dozenaren bat edo) eraman behar zituen bizkarrean.

Orduan ez zen ez Internetik eta ez uatxapik, baina azkar zabaldu zen berria. Apustuaren egunean jendea erruz omen zen bidean eta Aian. Lertxundiri txaleko berezia egin zioten, zakutxo baten moduan prestatua, eta han sartu zituen hamabi kiloak eskopetako perdigoietan. Beruna astuna izan! Kantabrikok makila bat zeraman korrika egiteko, baina muina hutsa zuena, eta zulo biribilean edabe magikoren bat bidean txurrut egiteko.

Lertxundik tartea atera zion hasieratik Kantabrikori, baina jendeak presa sartu zion, esanez: “Kantabriko hortxe bertan duk”. Uda zen, eta bero zapa omen. Aiara iristeko azken korrikalditxoa besterik falta ez zuenean erori egin omen zen Joan Lertxundikoa, eta inork laguntzerik ez! Azken metroak korritu ezinik geratu omen zen. Albotik pasatu zenean, Kantabrikok honela esan omen zion:

–Irabazi nahi baduk habil pixkor, Joan, ni baniak!

Eta azken sprint batekin Kantabriko Motza apustuaren irabazle.

Nik beti aditu izan dut tranpaz irabazi ziotela Lertxundiri, baina ez egin kasu gehiegirik niri, gure amona Margarita, Joanen arreba zaharragoa, Lertxundin jaioa zen, eta ni ez naiz, seguru asko, epailerik inpartzialena.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide