Eusko Alkartasunaren Gipuzkoako koordinatzaile den Mikel Goenagari alderdiko afiliazioa eten diote datozen lau urteetarako. Zarauzko bizilagunak espedientea zabalik zuen alderdi barruan, "Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak" egotzita, eta atzo eman zuen ebazpenaren berri Nazio Batzorde Eragileak. Goenagari bezala, Maiorga Ramirezi, Iratxe Lopez de Aberasturiri, Miren Aranoari eta Esther Korresi ere zigor bera ezarri diete. Orain, 30 eguneko epea daukate alderdiaren Berme Batzordearen aurrean helegitea jartzeko.
EAk etzi zortzi abiatuko du kongresua, hilaren 19an eta 20an, eta otsailaren 21etik aurrera etengo dietenez afiliazioa, kongresuan parte hartu ahal izango dute. Hamazazpi urterako kargugabetzearen esperoan zen Goenaga, eta espero zuen otsaileko kongresuaren aurretik etengo ziotela afiliazioa.
Zarauzko bizilaguna kritiko azaldu zen aurreko astean, hedabide honi egindako adierazpenetan. EH Bildu koalizioaren barruan EAk daukan funtzioak kezkatzen du, eta sektore ofiziala hartzen ari den bidearekin bat ez datorrela dio argi eta garbi. Hain zuzen, EAren sektore kritikokoa da Begotxu Olaizola Zarauzko bizilaguna ere, eta hari ere afiliazioa eten diote espediente baten ondorioz, urtebeterako.