Goretti Beloki eta Elena Aldaz: "Itxaropena ez da inoiz galtzen, eta aukerak baliatu behar dira"

Aritz Mutiozabal 2022ko otsailaren 10a

Goretti Beloki eta Elena Aldaz bolari txapeldunak. (Aritz Mutiozabal)

Garaipena lortzea nahiko zail ikusten bazuten ere, Binakako Gipuzkoako Bola Txapelketa irabazi berri dute Zelaiondo Bol&Tok Klubeko kide Belokik eta Aldazek (Zarautz, 1964).

Gipuzkoa txapeldun berriak zarete. Esperotako lorpena izan al da?
Goretti Beloki: Ez genuen gehiegi sinisten, baina lortu dugu eta oso gustura gaude.
Elena Aldaz: Gure aurretik zeuden gehienak eskarmentu handikoak ziren, eta azken txanparako lehen lauen artean sailkatzea jada lorpen handia zen guretzat. Finalerdiko kanporaketan nik uste nuen kaleratuak izango ginela, baina bi birlagatik aurrera egin genuen, eta finalean, azkeneko momentuan aurkariak huts egin zuenez, birla batko aldeari esker irabazi genuen txapelketa.
G.B.: Itxaropena inoiz ez da galtzen, eta aurkariak huts egiten badu, bada, aukerak baliatu behar dira.

Behin finalerako txartela lortuta, txapelaren bila joan beharra zegoen bai ala bai?
E.A.: Oso zaila ikusten genuen, aurkariak urte pila bat doazelako honetan eta, oro har, ondo jokatzen dutelako. Gu, aldiz, duela gutxi hasi gara bola jokoan. Normalean, gorabehera handiak izaten ditugu: egun batean 40 birla bota ditzakegu, eta beste batean, berriz, 13 birla. Ez dugu nolabaiteko erregulartasunik.
G.B.: Esaterako, finalerako sailkapena Elenari esker izan zen, eta finalean, aldiz, nik izan nuen joko ona. Gorabehera handiarekin ibili arren, elkar osatzen gara.

Eta garaipena, birla bati esker.
G.B.: Hori da, 63-64ko emaitzarekin irabazi baikenuen.
E.A.: Gainera, azkena jaurtitzen zuena beste taldekoa izan zen, eta irabazteko 35 birla bota behar zituen. Nonbait urduri jarri zen, eta gu aldamenean ere urduri geunden, kontua ongi eramateko kapaz ez ginela.

Honako hau al duzue zuen lehendabiziko garaipena?
G.B. eta E.A.: Halaxe da, bai!
E.A.: Duela gutxi ekin genion bola jokoari. 2019an hasi ginen zertxobait entrenatzen, urte hartako liga bukatu ondoren. Jarraian, pandemiaren eraginez txapelketa guztiak bertan behera geratu ziren. Beraz, honako hau izan da jokatu dugun bigarren txapelketa.

Beraz, ongi datorkizuen kirola dela esan daiteke?
G.B.: Gustukoa dugu, hori bai! Nik uste dut jarraikortasunez jokatuta, ongi moldatzen garela.
E.A.: Dugun txarrena hauxe da [Zelai Ondoko bolatokira zuzentzen du besoa]. Nik uste dut aldarrikatu beharra daukagula askotan ezin izaten dugula bertan entrenatu: euriagatik edo haizeagatik, putzuak daudelako eta abar.  Bola botatzeko ere bolatokiko pistak baldintza onetan egon behar du, eta hemen oso zaila izaten da. Irekia denez, jende guztia sartzen da: txakurrak,  haurrak, bizikletekin edo baloiekin... eta etortzen garen bakoitzean ordu erdia pasatzen dugu dena txukun jartzen. Beste tokietan itxiak dira bolatokiak, eta jaurtiketa normalean berdina da. Hemen etortzen garen bakoitzean lurra erabat mugituta dagoenez, beti diferentea izaten da.

Udalak badu proiekturen bat esku artean, ezta?
G.B.: Bai, aurten omen dira hastekoak egiten.
E.A.: Gure asmoa zen bolatokia ixtea, baina esan digute ezinezkoa dela. Batez ere atearekin jarri nahi genuen jendea ez sartzeko haurrekin, baina arrazoitu digute gunea publikoa dela, eta ezin dela halakorik egin. Baina, jakina, baldintza horietan ere guk ezin dugu egoki entrenatu. Azkenean, erdizka egiteko asmoa du udalak, bolatokia soilik estalita.

Eta euria egiten duen egunetan non entrenatzen duzue?
G.B.: Zelai Ondon entrenatzen dugu, baina euria egiten duenean jai dugu.

Ez al zarete mugitzen, Aiako bolatoki estalira, adibidez?
E.A.: Aiara joan izan gara mutilekin entrenatzera pare bat aldiz.
G.B.: Haiek jubilatuta daude, baina lana egiten dugunok ezin izaten dugu horren erraz batetik bestera mugitu.
E.A.: Gainera, besteei giltzak eskatzen aritu behar duzu halakoetan, beti besteen mende ibili. Ea orain, bolatokia estaltzen digutenean, zerbait hobetzen dugun!
G.B.: Nolanahi ere, esango nuke talde polita osatzen dugula bolariok Gipuzkoan zehar. Kirol gutxitua izanagatik, jende mordoxka bat bagabiltza honetan.
E.A.: Ehundik gora lagun elkartzen gara txapelketetan. Beraz, kontuan hartzeko kopurua da.

Pixkanaka-pixkanaka gero eta indar gehiago hartzen ari dela dirudi, eta emakumezkoak ere gero eta gehiago zarete.
E.A.: Zelaiondo Bol&Tok klubean lau emakume gaude une honetan. Lehen bost ginen. Ni Ane Agirregatik hasi nintzen, baina, tamalez, iaz hil zen gaixotasunagatik. Bera 2019ko maiatzean Gipuzkoako txapeldun izan zen banaka, eta pandemia dela eta, gehiago ez da jokatu eta oraindik berak du titulua. Taldean emakumeak behar zituztelako ekin genion. Orduan, bi ziren: Agirre bera eta Jasone Erkizia. Gero, Nerea Uriarte eta biok hasi ginean; Goretti hemendik pasatzen zen txakurrarekin eta animatu egin genuen.  Orain lau gara, baina gehiago etorriko balira, ez litzateke batere gaizki egongo. 
G.B.: Jendeari bola jokoan aritzen zarela esaterakoan grazia egiten dio. Ez dakite oso ongi hau zer den ere. Askori bolera amerikarra etortzen zaio burura, baina ez dauka zerikusirik. Guztiz ezberdina da.
E.A.: Askok esaten dizute erraza dela, bidea egina dagoelako. Bai? Probratu ezazu, orduan! Jakina, probatzen dutenean, ez da dirudien bezain erraza. Gainera, puntua hartu diozula iruditzen zaizunean, hurrengo egunean ez duzu deus asmatzen. Ezberdina da egunero. Ni oso lehiakorra naiz eta berehalakoan harrapatu ninduen.

Aurrerantzean, zer txapelketa izango dituzue?
E.A.: Orain Lehendakari Txapelketa hasiko da banaka, beste hiru igandetan jokatuko dena. Horko lehen lau sailkatuak finaleko fasea jokatuko dute. Gero, Gipuzkoako Kopa jokatuko da. Bi txapelketa horietan botatako birla kopuruekin sailkapen bat egingo da, eta hortik bolari onena aterako da. Zerrenda horretako lehenengo seiak Gipuzkoako Txapelketan lehiatuko dira, eta handik Euskadikora sailkatuko dira.

Binakakoan ez al dago Euskadiko Txapelketarik?
E.A.: Ez dago. Gainera, mutiletan finalera iritsi diren bi bikoteak zuzenean sailkatu dira Euskadiko banakako txapelketa jokatzeko, eta emakumezkoetan ez da halakorik suertatu. Eta horren aldarria egin nahi dugu. Izan ere, antolatzaileei galdetu genien zergatia, eta erantzun ziguten lehen gauzak okerragoak zirela.
G.B.: Nik uste dut emakumezkoetan, kopuru gutxiago baldin bagaude, behintzat, bikote txapeldunak sailkatu beharko lukeela zuzenean.
E.A.: Dena dela, nik uste nuen hasi ginenean ez gintuztela ongi hartuko, denak gizonezkoak eta oso helduak zirelako, eta guztiz alderantzizkoa izan da. Oso maitatuak sentitzen gara. Denek erakutsi nahia azaltzen dute. Hori bai, denek gauza ezberdina esaten dizute eta zorabiatzen zaituzte pixka bat, baina intentzioa ikaragarria jartzen dute. Guztiok elkarren aurka lehiatu arren, elkarrekin egoten gara beti, eta sekulako giroa dugu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide