Emakume Langilearen Nazioarteko eguna dela eta, kartel lehiaketa jarri zuen abian Zarauzko Parekidetasun departamentuak duela aste batzuk. Guztira, 32 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara Euskal Herriko nahiz bertatik kanpoko parte hartzaileek, eta Gabriela Pellejero nafarra izan da irabazlea.
Honako hau da kartel irabazlea:
Emaimahaia honako hauek osatu dute: Mar Arregik(diseinuan eta komunikazioan aditua), Myriam Gonzalez de Txabarrik (Zarauzko Udaleko Erakusketa arduraduna) eta Gloria Vazquezek (Berdintasun zinegotzia).
Prentsaurrekoa eskaini dute gaur Emakumeen* Etxean horren berri emateko, eta bertan izan da artista ere, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziarekin eta Edurne Urbieta Parekidetasun teknikariarekin batera. Vazquezek azaldu du "esanahiarengatik" gustatu zaiela asko kartela. Ahizpatasuna du lelotzat lan irabazleak, eta bi emakume ageri dira bizkarrez, elkar sostengatzen. "Ahizpatasun hori azpimarratzea oso polita iruditu zitzaigun, oso kontzeptu garrantzitsua delako feminismoan", azaldu du Vazquezek. 400 euroko saria eman diote Pellejerori. "Ahizpatasuna islatu nahi izan dut, oso modu sinplean. Keinu horrekin adierazi nahi izan ditut aldaketarako gakoak diren enpatia eta afektibitatea", esan du lehiaketaren irabazleak.
Ikuslearen saria
Datozen egunetan, publikoaren saria irabazteko aukera edukiko dute kartela aurkeztu dutenek. Astelehenean jarriko dituzte ikusgai lehiaketako kartel guztiak departamentuaren Facebook kontuan, eta 'Atsegin dut' gehien eskuratzen dituenak irabaziko du saria.
Sarituak bi kartel soilik izango badira ere, gaurtik aurrera lehiaketara aurkeztu dituzten lan guztiak ikusteko aukera dago Emakumeen* Etxean. Bertan egongo dira paratuta lanak, martxoaren 18ra arte.