Zergatik hautatu zenuen antuxuna hitza zure proiektua izendatzeko?
Batetik, fonetikoki interesgarria egiten zitzaidalako, eta, bestetik, proiektuarekin guztiz bat datorren poema batekin lotura duelako. Poemak dio iturri zaharretatik ur berria edaten dugula beti, baina ur hori edateko euskarri bat ere behar dugunez, eta antuxuna iturri horietara lotuta egoten zenez, metaforikoki interesgarria egin zitzaidan.
Horrez gain, argi nuen, baita ere, izen artistiko berri bat hartzea garrantzitsua zela Nagore bateria joletik bereizteko.
Zertan datza proiektua?
Euskal musika tradizionalari gaur egun ditugun baliabide teknologikoak aplikatu eta digitalki birmoldatu nahi dut ikus-entzunezko emanaldi ezberdin bat eskaintzeko. Aurreko galderarekin lotuta, esan genezake, aipaturiko iturri zaharra, gure abesti zahar horiek direla; ur berria, aldiz, nik emango diodan moldea.
Nola ari zara euskal klasiko horiek birsortzen?
Hautatu ditudan abestietako melodia eta hitzei soilik eutsita. Oinarria mantendu nahi dut, iturri zaharretatik edan dudalako, esan bezala. Halere, aitortu behar dut, tarteka, gustuko ez dudan estrofaren bat ere ezabatu dudala, baina, orokorrean, abesti guztiak errespetatu ditut. Hortik aurrera, ur berria nik sortua da. Horregatik, oinarrian, musika folk estilokoa dela esan daiteke, digitalki sortua izan arren.
Badira zurearen antzeko proiektuak? Edo erabat berritzailea da?
Nik hemen Euskal Herrian ez dut ezagutzen. Egia da Kalakan taldeak ere euskal abesti zaharrak berpizten dituela, baina euren sonoritatea eta estetika guztiz tradizionala da, nahiz eta Peio Reparazekin grabatu duten azken diskoan sintetizadore batzuk sartu dituzten. Iruditzen zait euskal folklorearen barruan sartzen diren talde guztiek gauza berdintsuak egiten dituztela.
Dena den, baditut erreferenteak, nik lortu nahi dudan mundu tradizionalaren eta elektronikoaren arteko lotura hori egitera iritsi direnak. Ordizian ezustean ezagutu nuen Mercedes Peon galiziarra, esaterako.
Gidatuko zaituen mapa bat badago, beraz. Ez zara huts-hutsetik abiatu.
Hori inoiz ez. Ereduak beti daude, gustukoak eta ez gustukoak. Azken horiek ere kontuan hartzea garrantzitsua da, nahi ez duzuna argi izatea erreferentzia bat izatea da.
Mikromezenazgo kanpaina berezi bat ere izan duzu abian proiektua finantzatzeko. Zertan da ezberdina?
Tartean erakunde publiko bat dagoelako da berezia. Aldundia, kasu honetan, eta Crowfunding beharrean, match-funding deitzen zaio, instituzioak bikoiztu egiten duelako jasotako dohaintza bakoitza. Esan behar dut, halere, ez dudala batere gustuko formatua, dagokigun dirulaguntza zuzenean eman beharrean, itxura egitera behartzen gaituztelako.
Argi daukat, baita ere, jasotako diru guztitik erdia proiektua garatzeko behar dudan azpiegitura finantzatzeko baliatuko dudala eta beste erdia nire soldata izango dela. Hori ere aldarrikatu nahi dut proiektu honekin, artistok egiten dugun lanaren balioa, gu ere langileak garelako, etengabe sortzen ari garelako trukean ezer jaso gabe, gehienetan.