Eneko Garate: "Istorio ezberdinak bilatzen saiatzen gara beti argitaletxean"

Aritz Mutiozabal 2022ko otsailaren 4a

(Libros de Ruta)

Txirrindularitza ardatz duten liburuak kaleratzen ditu Eneko Garatek (Zarautz, 1976) gidatzen duen Libros de Ruta argitaletxeak; udazkenean denda zabaldu zuten Bilbon.

Joan den astean aurkeztu zuten 2023an Frantziako Tourra Euskal Herritik igaroko dela. Albisteak oihartzun eta jakin-min dezente sortu du. Zu bezalako txirrindularizale batentzat zer esan nahi du horrek?

Ondo, baina besterik gabe. Nik ez diot ematen egundoko garrantzia, beste batzuk ematen dioten bezala. Nik nahi nuke urtean zehar egunero gabiltzanok edo lehiatzen dabiltzan gazteek erraztasun gehiago izatea. Agian ez luke behar urte batean egingo den ekitaldi handi bat, iragankorra izango dena. Albiste ona da, bai, baina ez dit kristoren ilusioa egiten. Gainera, hemendik gertu izaten denez, urtero joaten gara ikustera.

Suziriak botatzeko moduan ez, orduan.

Niretzako, pertsonalki behintzat, ez. Pentsatzen dut Bilbotik abiatzea ona izango dela hiriarentzat, baina nik uste dut gauzak bere neurrian jarri behar direla. Ia 20 urte daramatzat Bilbon bizitzen, eta badakit hemen zer lehentasun dauden. Bizikletarekin mugitzea ez da batere erraza, eta haurrekin ibiltzeko irteera segururik ez dago. Nahiko arriskutsua da. Alde horretatik, koherentzia falta ikusten dut zenbait erabakitan.

Zarauztik eta Urola Kostatik ere igaroko da berriro.

Bai, aurrekoan ere pasatu zen. Lehenengo etapa prologo bat izan zen Donostian hasi eta bukatu zena, eta bigarren etapa Gipuzkoan zehar izan zen: Oriotik Zarautzera egin zuten txirrindulariek aldi hartan.

Tourra berriro Euskal Herritik igarotze horrek liburu baterako eman al dezake?

Gezurrik ez dizut esango! Frantziako Tourraren eta Euskal Herriaren inguruan oso gutxi dago idatzita, eta dagoen gutxi hori ez dago gaurkotuta. Beraz, aukerak badaude gauza politak egiteko, eta ea datorren urtean zerbait argitaratu dezakegun; batik bat, Ipar Euskal Herriarekin lotuta. Adibidez, 40 etapa izan dira hasi edo amaitu direnak Euskal Herrian, eta hor badago istorio bat. Beste bat euskal txirrindularien ingurukoa, 21 baitira Tourrean etapa garaipena lortu duten bertako txirrindulariak. Baita euskal txirrindulari zaleen ingurukoa ere. Nik uste dut badagoela idazteko kontu ugari, liburu baterako edo gehiagorako eman dezaketenak. Kontua da zenbateko interesa izan dezaketen Euskal Herritik kanpo. Azkenean, liburuak gaztelaniaz argitaratzen ditugu eta merkatu zabal batera iristea izaten dugu helburu; hau da, Espainian, Kolonbian eta beste herrialde batzuetan banatzen ditugu.


Euskal Herrian txirrindularitzarako dagoen zaletasun horrek bultzatu al zintuen argitaletxea sortzera?

Tira, ez dakizu inoiz bizitzak zer ekarriko dizun! Ni beti ibili naiz bizikletan: Zarauztarra txirrindulari taldean urte pila bat egin nituen, eta, ondoren, Zarauztik kanpo ere bizikletari lotuta jarraitu dut, txirrindularitzaren munduan lan egitea egokitu zaidalako. Momentu batean, txirrindularitzaz asko irakurtzen ari nintzela, ohartu nintzen hutsune bat zegoela hor. Gainera, egia da gustuko duzun horretan lan egitea hobeto dela, eta horrela animatu nintzen argitaletxea sortzera. Harrezkero, zortzi urte pasatu dira, eta hemen jarraitzen dugu gustura.

Txirrindularitza duzue ardatz nagusi, baina beste kirol batzuk ere jorratu ohi dituzue argitaletxean, ezta?

Orain eman dugu jauzia beste kirol batzuetara; batetik, konturatu garelako hutsune batzuk badirela zenbait diziplinatan eta, bestetik, saretxo bat egin dugulako beste argitaletxe edo literatur agente batzuekin. Salmentari dagokionez, lehia handia dago argitaletxeen eta banatzaileen artean, eta txirrindularitzara mugatzen ginenez, gure eskaintza zabaltzea erabaki genuen argitaletxeak jarraikortasun gehiago izan zezan. Edonola ere, beti istorio ezberdinak bilatzen saiatzen gara, beste ikuspuntu bat duten liburuak plazaratu nahian.


Zer-nolako liburuak dira Libros de Rutak argitaratzen dituenak? Erreportajeez eta biografiez gain, liburu teknikoak ere kaleratzen al dituzue?

Liburu teknikoa ez dugu lantzen. Kronikak eta biografiak dira batik bat argitaratzen ditugunak, eta fikzioa zerbait, baina askoz ere gutxiago. Adibidez, orain esku artean dugun liburua da La maratoniana, eta Kathrine Switzerri buruzkoa da, Bostongo Maratoia estreinakoz korritu zuen emakumearen autobiografia. Aukera hau sortu zitzagun, eta datorren hilabetean argitaratuko dugu.


Modu digitalean funtzionatzen zenuten orain arte. Baina udazkenetik denda fisikoa irekitzeko hautua egin duzue Bilbon bertan.

Gehienek egiten dutenaren alderantzizko bidea egin dugu guk. Azkenean, bulegoa tokiz aldatu behar genuen, eta toki bila genbiltzan. Ez da gauza bera online saltzea edo aurrez aurre egitea, eta pentsatu genuen Bilbori eta ingurukoei aukera hori eskaintzea, liburuak ikustekoa eta ukitzekoa. Gure lehentasuna argitalpen berriak dira eta online salmentak, baina espazio honek erakusleiho zabal bat ematen digu, eta aukera sortzen denean, aurkezpenak edo ekitalditxoak egiteko. Eta Tourra badator, ziur zer edo zer antolatuko dugula bertan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide