Eskualde mailako manifestaziora deitu dute larunbat eguerdirako, Orioko eraso matxista salatzeko

Aitziber Arzallus 2022ko otsailaren 3a

Eskualdeko hainbat talde feministak egin dute mobilizatzeko deia. (Orioko Xaltxerak)

Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Morroxkek mobilizaziorako deia egin dute, eskualdeko beste hainbat talde feministarekin batera, joan den astean Orion gertatutako eraso matxista "oso larri" baten harira. Manifestazioa Orion izango da larunbatean, 12:00etan, plazatik abiatuta.

Joan den ostiralean, Orion gertatutako eraso matxista "oso larri" baten berri eman zuen Orioko Xaltxerak talde feministak, eta jazotakoa salatzeaz gainera, datozen egunetarako antolatu zitzaketen mobilizazioei adi egoteko eskatu zieten herritarrei. Orain, gutun bat plazaratu dute mobilizatzera dei eginez, eta bat egin dute dute deialdiarekin Zarauzko Bilgune Feministak eta Zarauzko Morroxkek. Manifestazioa larunbatean 12:00etan izango da, Orioko plazatik abiatuta, eta eskualde mailakoa izango da. Gutun hori, Xaltxerez eta Zarauzko talde feministez gain, eskualdeko beste hainbat taldek ere sinatu dute; hain zuzen ere, Getariko Mariñakek, Onekak, Zumaiako Malen Etxeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak.

Gutunean, erasotuari eta haren ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, "nazkatuta, haserre eta amorratuta" daudela diote: "Horrelako gertakizunek asaldatzen gaituzte, eta eskerrak, baina egunero-egunero jasaten ditugu emakumeok, baita Orion ere, askotariko erasoak, irainak zein gutxiespenak. Kalean hasi eta etxeko sukalde eta oheetaraino, gizon ezagun zein ezezagunek erasotzen gaituzte. Eta astebururo-astebururo, askotariko erasoak jasan behar izaten ditugu. Baina ez gure herrian bakarrik, eskualdean, azkenengo hilabeteetan, hainbat salaketa egin dira indarkeria matxista dela eta".

Mugimendu feminista urteetan egiten ari den lana nabarmendu dute, baita Urola Kostan ere, eta oraingoan ere elkarrekin antolatzeko hautua egin dutela. "Adierazi nahi dugu prozesu hauek ez direla errazak arrazoi asko tarteko; hortaz, denborak eta prozesuak zaintzea eskatzen dute, nahiz eta behar desberdinak egon. Beti ez da berdin, egoera oro berdina ez den moduan, eta eragile bakoitzak ditugu gure ardurak eta oinarriak". Dena dela,  Orioko herriari eta eskualdeko herritarrei garbi adierazi nahi izan diete "erasorik ez dela erantzunik gabe geldituko".

Irakurri hemen gutuna osorik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide