Badator oles egiteko garaia

Amaia Urbieta Arruti 2022ko otsailaren 3a

Gaur San Blas opilez tripa bete ondoren, makilak astintzeko eta eztarriak berotzeko eguna izango da bihar. Zarautzen ere kaleak kopla zaharrekin alaituko dituzte. 

Makilekin gogor kolpatu eta esnatzeko deia egiten zaio lurrari biharko egunez, negu luzearen erdian. Aintzinako usadioak bizirik dirau egungo jendartean, eta ohikoa da Santa Ageda egunaren bezperan, San Blas egunaren ostean, kaleak kantuz alaitzen dituzten taldez betetzea. Baserri eta auzoetara jotzen dute beste batzuek zuzenean, eta doinu solemnean kantatzen dituzte koplak: Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz, hasi ohi dira.

Iaz ez zen kopla askotarako aukerarik izan, pandemiak eragindako egoera delikatua tarteko. Aurten ere ziurgabe samarra da egoera, eta eskualdeko zenbait lekutan ohiko santa eskerik egingo ez duten arren, ohitura zaharrari keinu ugari egingo dizkiote tokian toki. Etzi, larunbatean, izango da Santa Ageda eguna, eta haren bezperan –bihar– aterako dira hainbat eta hainbat herritar kantura.

Bihar, santa eskea

18:00etan, Txinpirin eta Zarautz Txiki abesbatzak eta Zarautz Trik kultur elkarteko trikitilariak Villa Mundatik irtengo dira kalez kale koplak abestera. 19:00etan, Zarautz Abesbatza Musika Plazatik abiatuko da. Ordu berean, Arrai Zopa abesbatzakoak kalez kale kantari ibiliko dira Iñurritza auzoan, Uxue Alkorta eta Aner Peritz bertsolariekin batera. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide