Nerea Loiola Pikazaren (Deba, Gipuzkoa, 1985) lehen ipuin bilduma hautatu dute BERRIAko irakurleek urteko libururik hoberena: Epizentroa (Erein, 2021). Zazpi ipuinek ez dute zerikusirik beren artean, baina erran daiteke ama beraren alabak direla denak: diafragmatik erdi direlako; «emozioen epizentrotik», hots.
Epizentroa izan da BERRIAko kulturazaleen maitatuena, iaz.
Opari bat izan da, ezusteko bat. Zer gehiago eskatu liburu bati, irakurleak maitatzea baino? Egile potenteen artean nirea hautatzea opari bat da, eta eskertzen dut. Gainera, feedback handia ukan dut; beraz, hau izan da pastelaren gaineko gerezia. Liburuak ukan duen harrera ona sorpresa izan da, ez bainuen ezer espero.
Zure epizentrotik idaztearen eta hori kanporatzearen arteko arteka nola bizi duzu?
Bi lan oso ezberdin dira. Idazketa prozesu guziak izan dira oso nire lurrikara, nire kezka eta kontraesanetako lokatzetan mugituz, oso garrantzitsuak niretzat. Idazketa prozesua bukatuta, orain ez naiz ni; plazara baitoa, besteek irakurtzera. Ariketa horrek eramaten zaitu amildegi ertzera, bertigoa izateraino. Nahi baituzu maitatua izan dadin, eta, aldi berean, zure erraiak erakutsiz, zaurgarri agertzen zara.
Ez zara hutsetik abiatu, baitituzu bi liburu gazteagoentzat.
Unean unekoari heldu diot. Harri bat poltsikoan [Erein, 2018] idaztean aktibatu ziren idazteak sortzen zizkidan plazerezko sentsazio batzuk. Eta, makineria martxan ezartzen duzularik, ez da gelditzen: beste bat zetorren. Azken Lanhütarra idaztean ere asko gozatu nuen; bitartean, beste istorio batzuk bururatu zitzaizkidan, baina neure buruari kontatzeko, eta, gero, beste jende helduari.
Zein da idazteak sortzen dizun sentsazio hori?
Oso estimulagarria zait, eta, sentsazio pleno bat edukitzeko, horren beharra dut. Neure buruarentzako etengabeko desafioa, euforia, adrenalina eta bertigo hori gustatzen zaizkit. Bestalde, idazteak ematen dit aukera neure buruaren baitan sartzeko. Eta, kanpora begirako gure bizimodu azeleratu hauetan, gelditzeko parada ere ematen dit. Sentsazioa dut aldatu egin naizela liburua egin ondotik; beharbada ez dut ezer konpondu, eta kontraesanak hor daude oraindik, baina behintzat lortu dut haztea. Gauzak erdian jarri eta inguratzen dituzu, zure eta besteen begiradetatik so eginez. Beste leku batetik ikusten ditut gauzak orain. Idazteak, beste ezerk ez dit hori ematen.
Paloma Rodriguezek izkiriatu du idazteko mekanismoak kontrolatzen dituzula.
Baieztatzen duena nik galdetu egiten dut. Intuizioz egin dut liburua; hainbat mekanismo eta egitura probatu egin ditut. Ingeniaria naiz, eta beti dago eskema edo patroi bat; idaztean, berriz, ez: beti deskubritu behar dut zer eta nola.