Ludger Mees historialari eta EHUko irakasleak (Essen, Alemania, 1957) The Basque Contention: Ethnicity, Politics, Violence (Euskal gatazka: etnizitatea, politika, indarkeria) izeneko liburua argitaratu zuen 2020an. Ingelesez aritzen diren irakurleei euskal auziaren nondik norakoak azaltzeko saiakera zen hura. Ongi saldu da, bigarren edizioa prestatzen ari dira orain, eta, arrakasta horrek akuilatuta, gaztelaniazko bertsioa apailatu du berriki, El contencioso vasco (Euskal gatazka), gaurkoturik eta espainierazko irakurleentzat moldaturik.
Ingelesezko bertsioaren arrakastak esan nahi du euskal auziak interesa pizten duela Euskal Herritik kanpo ere?
Lehen, tamalez, interesa oso lotuta zegoen ETAren jarduerarekin, hori zelako hedabideetan ateratzen zena. Horren arrastoa oraindik badago, noski, baina uste dut beste interes mota bat ere sortzen ari dela: badago jende bat, nolabaiteko kultur maila batekin, hona oporretan etortzen dena, eta turismoa baino zerbait gehiago egin nahi du eta hemen zer gertatzen den jakin nahi du.
«Gatazka» aipatzen duzu liburuaren izenburuan. Badakizu egile batzuen arabera Euskal Herrian ez dagoela gatazka politikorik.
Hori izan da liburuaren abiapunturik garrantzitsuenetako bat, eta horretarako erabili dut zientzia politikoen arloan AEBetako egile batzuek 1970eko hamarkadatik aurrera landutako kontzeptua, contentious politics [gatazkaren edo desadostasunaren politikak]. Batez ere, kontu bat egiten zitzaidan interesgarri: haien arabera, horrelako contention edo gatazka batean bortizkeria egon daiteke, baina bortizkeria horrek denboran irauten badu eta arazo bilakatzen bada, izaten da badagoelako nolabaiteko mugimendu sozial bat, hori legitimatzen duena edo horri babesa ematen diona.
Ñabardura hori interesgarria da, nik ere pentsatzen dudalako hemen contencioso edo gatazka bat egon dela ETA jaio baino askoz lehenagotik. Eta gatazka hura agertu zenean ere, bazuen atzetik prehistoria bat, eta prehistoria hori ezagutu gabe nekez esplika daiteke hemengo egoera.
Gatazka noiz agertzen da?
Nazionalismo politikoa agertzen denean, lehenago ere, euskaldunek bazuten nolabaiteko berezitasunaren kontzientzia bat, baina hori bateragarria zen Espainiako identitatearekin. Hori aldatu zen Sabino Aranak euskal nazionalismoa sortu zuenean. Hortik aurrera, gizartearen sektore batentzat identitateak ez ziren bateragarriak: bata edo bestea aukeratu behar zen. Eta hor sortzen da gatazka, termino politikoetan.
Testuinguru horretan ulertu behar da ETAren sorrera?
Une historiko jakin batean azaldu zen horren adierazpen biolentoa. Nire tesia da hori ez dela ezinbestean gatazkaren ondorioa, nire ustez gatazkak hiru dimentsio dituelako, lotuta daudenak baina ez direnak halabeharrez bata bestearen ondorio: bat da kanpoari begirakoa, hots, nolako lotura politiko-administratiboa nahi dugun Espainiarekin; beste dimentsio bat da barrura begirakoa: euskal gizarte modernoa oso plurala da, elkarrekin bizi diren identitate askotarikoak biltzen ditu barnean, eta horien artean negoziatu behar da une historiko bakoitzean zein den onarpen handien duen eredua; eta, azkenik, hirugarren dimentsioa da bortizkeriarena, lotura daukana besteekin baina halabeharrezko ondorio bat bezala ulertu behar ez dena; izan ere, antzeko beste kasu batzuk ezagutzen ditugu, bortizkeriazko adierazpenik izan ez dutenak.
ETA desagerturik, egoera hobea da gatazkari irtenbide bat emateko?
Zalantzarik ez dago orain beste giro batean gaudela, eta modu lasaiago batean hitz egiteko aukera daukagula. ETAk hiltzen zuenean jende askok mehatxua sentitzen zuen, eta nik ulertzen dut zaila zela horren pean konponbide batzuen bila modu hotzean abiatzea. Askoz hobeto gaude; horretaz ez dago zalantzarik. Baina beste kontu batzuk ere hartu behar dira aintzat.