Gaurtik aurrera izena eman ahal izango da Haimar Zubeldia Klasikoan

Aritz Mutiozabal 2022ko otsailaren 1a

Maiatzaren 29rako antolatu du proba Zarauzko Zikloturista Elkarteak. 700 partaideetara mugatu dute izen-ematea.

Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta, maiatzaren 29an izango da Haimar Zubeldia Klasikoa, eta izen-ematea gaur eguerdian, 12:00etatik aurrera, zabalduko dute www.kirolprobak.com atarian. Aurten 150 kilometroko ibilbide luzea bakarrik prestatu ahal izan dute; antolatzaileek azaldu dutenez, ezinezkoa izan zaie 90 kilometroko bigarren martxa aurrera ateratzea, nahiz eta datozen urteetan berreskuratzeko asmoa duten.  

Klasikoan parte hartzeko inskripzioak 45 euro balio du federatuentzat, eta 60 euro, berriz, federaturik ez daudenentzat. Maiatzaren 15an itxiko dute izen-emate epea edo 700 parte hartzaileetako muga gainditzen denean. Martxoaren 31a baino lehen izena eman eta ordainketa egiten dutenek Etxeondo etxeak espresuki probarako diseinaturiko maillot bat jasoko dute opari.  

Haimar Zubeldia Klasikoa zikloturista martxa da, lehia kutsurik gabeko proba. Zarautzen hasiko da, 08:00etan, eta Gipuzkoako errepideetan –Urola eta Goierri bailaretan barna– osatuko den 150 kilometroko ibilbide exijentea izango du. Besteak beste, Errezil, Altzo, Larraitz, Lazkaomendi eta Etumetatik igaroko dira txirrindulariak. Probak bi anoa postu izango ditu: bata, Larraitzen, 68,5. kilometroan, eta bestea, Landetan,110. kilometroan.  

Bestalde, zikloturista guztien segurtasuna bermatzeko eta probaren antolakuntza errazteko, denbora muga ezarri dute Landetan bertan: 13:00etan itxiko dute proba lasterketako puntu horretan, eta ordurako iritsi ez direnak proba utzi beharko dute. Antolatzaileek gogora ekarri dute errepidea zabalik egongo dela uneoro trafikora, eta beraz, partaideek indarrean diren zirkulazioko arauak errespetatu beharko dituztela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide