Arkamurka natur elkarteak ibilaldi interesgarria antolatu du Euskal Herria tropikala zen garaia hobeto deskubritu ahal izateko. Dan Lertxundiren gidaritzapean, Aralarrera (San Miguel-Irañeta) abiatuko dira negu gorrian, baina neguarekin lotura gutxi dituen bi gairen inguruan arituko dira txango honetan: koral arrezifeez eta tximeletez.
Irteera larunbat honetan, otsailaren 5ean, egingo dute; 08:00eta, Agueseko biribilgunetik. Inongo zailtasunik ez duen goiz buelta izango dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta izena eman nahi dutenek 685 75 72 97 telefono zenbakira whatsapp bat bidali beharko dute norbere izen-abizenak zehaztuta.