Edukiera txikiko turismo-ostatuei aparkaleku plazak lagatzeko indarrean dagoen araudia aldatu du Zarauzko Udalak. Orain arte, hamar bizitoki-unitate baino gutxiagoko edukiera zuten ostatuek urte osoan erreserbatu zezaketen aparkaleku publikoak, beraien bezeroei eskaintzeko. Orain, dekretu berriarekin, udarako bakarrik egin ahal izango dute aparkaleku erreserba, eta eskaera horiek Mugikortasuneko Departamentuak aztertuko ditu.
Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, aurreko araudiarekin egoera batzuetan areagotu egiten ziren egoiliarren aparkaleku arazoak. “Aldaketa honekin Zarauzko herritarrentzako plazak berreskuratzen ditugu, ostatu hauen beharrei erantzuteari utzi gabe; izan ere, TAOren egungo ordenantzan bezeroei urte osoan zehar aparkatzea errazteko alternatibak jasotzen dira”.
Bestalde, zinegotziak jakinarazi du hilabete gutxi barru Mugikortasun Jasangarriko Plana idatzita izango duela udalak. Zentzu horretan, "mugikortasunari dagokion guztian hobetzen jarraitzeko lanean jarraituko dugu. Dagoeneko pausoak ematen ari gara eta datozen urteetan aldaketa hori onerako izango da gure herrian”.