"Trenbidearen azpiko pasabidearen proiektua itxita utzi nahi dugu"

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urtarrilaren 26a

Xabier Txurruka alkateak asteburuan eman zuen Mitxelenako bizilagunei aurkeztutako proposamenaren berri, Facebook bidez. (Xabier Txurruka)

Mitxelena eta Lapurdi kaleak lotuko dituen trenbidearen azpiko pasabidearen inguruko urratsak egiten jarraitzen du Zarauzko Udalak, "hurrengo agintaldian azpibide hau gauzatzeko lanak egin daitezen".

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, Mitxelena eta Lapurdi kaleak lotuko dituen trenbide azpiko pasabidearen proiektua "itxita" utzi nahi dute "hurrengo agintaldian azpibide hau gauzatzeko lanak egin daitezen".

Asmatu SL ingenieritza enpresak landutako azken proposamena Mitxelenako bizilagunen batzordeko ordezkariei aurkeztu ostean, pasabide proiektuaren hainbat ezaugarri jakinarazi dizkio prentsari udalak. Azpibideak sei metroko zabalera izango du eta, Santa Klara kaleko Paxon bezala, eskailerak eta arrapalak izango ditu igo eta jaisteko, "irisgarritsuna bermatzeko". Horrez gain, udalak zehaztu du "bidegorri sarearekin zuzenean lotuta" egongo dela.

Xabier Txurruka alkateak gogorarazi du duela hogei urte baino lehenago hartu zituela Zarauzko Udalak Hegoaldeko trenbide azpiko pasabidea egiteko asmoz lehen erabakiak. "Arrazoi desberdinengatik, hasierako proiektu hura ez zen gauzatu. Horregatik, udalak Mitxelenako bizilagunekin daukan zorra kitatu eta proiektua itxita utzi nahi dugu, hurrengo agintaldian azpibide hau gauzatzeko lanak egin daitezen", azaldu du alkateak.

ETSri asmoen berri emateko bilera

Alkateak aurreratu du datozen egunetan ETSko zuzendaritzarekin batzartuko dela Mitxelena-Lapurdi arteko azpibidearen inguruan udalak eman nahi dituen pausoak azaltzeko. Horrez gain, ETSri aurkeztuko dizkio Irita Amillubi eremuaren plan orokorraren aldaketak Zarautzen etorkizuneko trenbide sarearen garapenari irekitzen dizkion aukera berriak.

Hain zuzen ere, hilaren 15ean aurkeztu zuen udalak trenbidea lurperatzeko proiektu proposamena, eremu horretako plan orokorrean zenbait aldaketa eginda.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide