Hiru lagun hartuko dituzte Urola Kostako herrietan Euskaraldia dinamizatzeko

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urtarrilaren 25a

Zarautzerako izango da bat, Zumaia eta Getariarako bestea, eta Aia eta Oriorako azkena. Hamar hilabeteko kontratua izango dute, egun erdira . Otsailaren 14rako eman beharko da izena.

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren harira, lankidetza hitzarmena sinatu dute UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Hitzarmenaren muina da euskararen normalizazioaren bidean urrats bat gehiago ematea. Eta hitzarmenaren harira, besteak beste, Urola Kosta eskualdean proiektua dinamizatzeko hiru langile kontratatuko ditu Topaguneak: bat Zarautzerako, bestea Zumaia eta Getariarako, eta azkena Aian eta Orion aritzeko.

Dagoeneko martxan daude hiru dinamizatzaileak aukeratzeko lehiaketak, eta otsailaren 14a izango da izena emateko azken eguna. Hautatuek hamarna hilabeteko lan kontratua izango dute, 2022ko martxoaren 1ean hasi eta 2022ko abenduaren 31ra artekoa, egun erdiko lanaldiarekin.

Hiru langile horien eginkizun nagusia izango da tokian tokiko Euskaraldia dinamizatzea eta, besteren artean, honako zereginak bete beharko dituzte: herriko eragileei eta herritarrei Euskaraldia ekimena aurkeztu beharko die (elkarteak, enpresak, norbanakoak…) eta prestakuntza eskaini beharko die; Euskaraldiko Batzordea eratzeko, ahalduntzeko eta indartzeko ekimenak garatu eta dinamizatu beharko ditu; tokian tokiko komunikazio plangintza bideratu  beharko du eta ekimenak garatu beharko ditu; entitateen lanketa planifikatu eta garatu beharko du; herritarrak Ahobizi eta Belarriprest dinamikarako aktibatu eta prestatu beharko ditu; herritarren eta entitateen izen ematea antolatu behrko du; balorazioa egin beharko du eta aurrera begirako urratsak adostu beharko ditu herriko euskaltzaleekin;  eta ekimenaren aurrekontua kudeatu beharko du.

Dinamizazioari dagokionez, bere gain egongo da antolatzaileen eta herriko boluntarioen lana koordinatzeko ardura. Koordinazio orokorreko mintegi eta bileretan parte hartu beharko du; ekimen orokorreko sustatzaileekin koordinatuta jardun beharko du; eta baita eskualdeko gainontzeko dinamizatzaileekin ere.

Honako baldintzak bete beharko dituzte lanpostu horietara aurkeztu nahi duten herritarreK: euskara maila egokia izatea, bai idatziz eta bai ahoz; deialdi bakoitzari dagokion herria edo dagozkion herriak eta eskualdea ezagutzea; euskaltzalea izatea eta euskalgintzaren ezagutza izatea; jendaurrean aritzeko eta jendearekin harremanetarako gaitasuna izatea; eragiletzarako gaitasuna izatea, alegia, ekimena herrian zabaltzeko eta ekimenera jendea erakartzeko abilezia izatea; eta kudeaketarako gaitasuna izatea.

Horiez gain, komunikazio alorrean ezagutza izatea baloratuko dute: sare sozialetan, bideoak sortzen, webguneen kudeaketan, diseinuan, ofimatikan eta abarretan. Ezinbesteko baldintzatzat jarri dituzte, berriz, lanerako autonomia maila altua eta ordutegietan malgutasuna izatea, baita gidabaimena eta autoa edukitzea ere.

Lan deialdietarako izen-ematea Lansarean webgunearen bidez egingo da. Edozein kasutan, deialdiei buruzko informazio gehiago edo argibideren bat behar dutenentzat helbide elektroniko bat jarri dute eskuragarri: mikel@topagunea.eus.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide